Mundua -
Kenya
Nairobiko Poliziak bahitu gehiago askatu ditu merkataritza-gunean
Westgaten operazioak areagotu dituztela jakitera eman du Poliziak. 69 hildako izan dira Al Sahabab talde islamiarrak egindako sarraskian.
Erredakzioa
David Kimaiyo Kenyako Poliziaren inspektore nagusiak jakitera eman duenez, segurtasun indarrek bahitu gehiago askatzea lortu du Nairobiko Westgate merkataritza-gunean.
"Talde mistoak (soldaduak eta poliziak) bahitu batzuk askatu berri ditu", azaldu du Kimaiyok Twitter sare sozialean.
Gainera, "bahitzaileei abantaila gehiago ateratzen" ari direla ziurtatu du Kimaiyok. Poliziako buruzagia operazioetan parte hartzen ari da.
Westgaten operazioak areagotu dituztela jakitera eman du Poliziak.
Erasoan 69 pertsona hil dira dagoeneko, Kenyako Gurutze Gorriak gaur jakitera eman duenez. Gainera, 63 lagun desagertu dira. 175 zauritu izan dira sarraskian.
Leherketak eta tiroak
Leherketak eta tiroak izan dira gaur goizaldean Al Shabab milizia islamiarraren esku dagoen Nairobiko merkataritza-gunean.
Efe albiste-agentziak jakitera eman duenez, hiru leherketa handi entzun dira "Westgate" inguruan, fundamentalisten bahiketak bi egun betetzeko sei ordu falta zirenean.
Tiroak eraikinaren inguruan entzun dira, barruan eta kanpoan, 15 minutuz. Soldaduak korrika irten dira "Westgate" aldera zaurituak artatzeko egokitutako zentrotik.
Azken hamabi orduetan izan diren tiro hots handienak izan dira gaur goizekoak.
Bahitu gehienak, libre
Larunbatetik bahituta zeuden bezero eta langile gehienak askatu egin dituzte Kenyako segurtasun indarrek, Armadak aditzera emandakoaren arabera.
Al Shabab muturreko talde islamiarrak merkataritza-gunea hartuta zeukan larunbatetik.
Segurtasun indarrek Twitterren adierazi dutenez, eraikinaren zatirik handiena kontrolpean dute.