Mundua -

Gatazka, Sirian

Siriako arma kimikoak suntsitzeko ebazpena aho-batez onartu du NBEk

Errusiak eta Estatu Batuek adostutako ebazpenaren alde bozkatu dute Segurtasun Batzordea osatzen duten hamabost kideek.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Batzordeak aho-batez onartu du, bart, Siriako arma kimikoak suntsitzeko ebazpena. Errusiak eta Estatu Batuek adostutako ebazpenaren alde bozkatu dute Segurtasun Batzordea osatzen duten 15 kideek.

Goizaldean izan da bozketa, eztabaida luze baten ondoren. Arma Kimikoak Debekatzeko Erakundearen plana ontzat eman dute batzordekideek. Besteak beste, Segurtasun Batzordeko kide iraunkorrak diren bost herrialdetako ordezkariak egon dira bileran: Wang Yi (Txina), Laurent Fabius (Frantzia) eta Willian Hague (Britainia Handia), besteak beste.

Bileraren ostean, Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiak "historikotzat" jo du ebazpenaren onarpena, baina gogora ekarri die batzordekideei Sirian egunerokoan gertatzen ari dena oso gogorra dela, oraindik ere, eta indarkeria, era guztietakoa, desagerraraztea dela helburua gaineratu du.

Siriak bizi duen "krisi humanitarioa" oso larria dela esan du Banek, eta Damaskoko buruzagiei eta oposizioko kideei batzeko deia egin die, konponbide bila.

Ebazpenean, epeak eta metodologia daude jasota. Dena dela,  Al Assaden Gobernuak akordioa beteko ez balu, zigorra zein izango litzatekeen ez dago zehaztuta ebazpen honetan.  Eraso militar baten aukera ere ez du jasotzen testuak.  NBEren Gutunaren VII kapitulua  aipatzen da, 41.  eta 42. atalak, hain zuzen ere. Artikulu horietan jasotzen denez,  NBEri dagokio erabakiak betearazteko neurriak hartzea.  Hau da,  ebazpenak betetzen ez diren kasuetan, NBEk erabakiko ditu hartuko diren neurriak, betiere, bakea eta segurtasuna ziurtatzeko.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea