Mundua -
Urte fiskala
AEBetako Gobernua muga-mugan, Gobernuaren eten partzialaren aurrean
Demokratek eta errepublikanoek akordiorik lortu ezean, milaka langile publiko kalera joango dira eta ehunka enpresa itxiko dituzte.
Erredakzioa
Gero eta zailagoa da errepublikanoek eta demokratek azken orduko akordio bat lortzea, egunotan haien jarrerek erakutsi dutenez, eta, ondorioz, asteartean Gobernuaren eten partziala indarrean sartuko da AEBetan, seguru asko. 2010eko osasun erreforman aurrerapauso bat eman nahi dute demokratek, eta gai horretan agertutako ezadostasunek blokeoa ekarri dute aurrekontuetara. Ondorioz, ordainketa eta, hortaz, jarduera federalak eten egin beharko ditu Gobernuak.
Aurrekontuen inguruko ezadostasunaren jatorria AEBetako osasun erreforma da, estatubatuar guztiei aseguru medikoa emateko egitasmoa. Asteartean, Obamaren agintaldiko oinarrietako bat den egitasmo honetarako behar-beharrezkoa den xedapen bat indarrean sartuko da, eta errepublikanoek erreforma baztertzea jarri dute aurrekontuak luzatzeko baldintza gisa. Hala ere, Gobernuak erreformaren fase berri hau indarrean "kosta ahala kosta" jarriko dutela esan du.
Urte fiskala bukatu eta, beraz, Gobernuari "funtsezkoak ez diren jardueretarako" diru funtsak agortzeko egun bi falta direla, errepublikanoek eta demokratek ez dute oraindik aurrekontu plana luzatzeko hitzarmenik adostu, eta astearte goizaldean, 17 urtean lehenengoz, eten federala sartuko da indarrean.
AEBetako Ordezkarien Ganberak Gobernuaren funtsak abenduaren 15era arte luzatzeko aurrekontu proiektua onartu du, baina osasun erreformaren egitasmoa gelditzea jarri dute akordio horretarako baldintza gisa. Etxe Zuriak eta Senatuko demokratek, halere, onartezintzat jo dute eskaera hori.
"Behe Ganberak oso berandura arte lan egin zuen larunbatean, Gobernua etetea saihesteko, eta Senatuak gauza bera egin beharko luke gaur", John Boehner errepublikanoak, Behe Ganberako presidenteak, esan duenez.
Bestalde, Senatuko gehiengo demokrataren buruaren, Harry Reideren, hitzetan, eurek ez dute Behe Ganberaren proposamena onartuko. Ez da denborarik egongo, ondorioz, aurreikuspen guztien arabera, legea garaiz onartzeko.
Rand Paul senatari errepublikanoak "konferentzia-batzordea", lege baten inguruan ezadostasunak daudenean bi ganberetako kideak biltzen dituen mekanismo bat, deitzea proposatu zuen: "Konferentzia-batzordea dei genezake biharko, ezadostasunak ezabatzeko", adierazi du CBS telebista katean.
Kevin McCarthy Ordezkarien Ganberako kide errepublikanoaren ustez, adostasuna lortzeko betarik badago oraindik, eta negoziatzen duten bitartean Gobernuaren funtsak egun batzuetarako luzatzeko aukera dagoela iradoki zuen.
Dirudienez, Behe Ganberak astelehenean onartu zuen proposamen bat onartuko du, gaur, Senatuak ere. Horren arabera, Gobernuaren behin-behineko etenak irauten duen bitartean ere, Armadako kideek kobratzen jarraituko dute.
Akordiorik lortu ezean, 1996ko urtarriletik lehenengoz, Gobernu federalak eten partziala egingo du. Hori dela eta. 800.000 funtzionario etxean gelditu beharko dira, behin-behinean, eta Etxe Zuriak mila milioi dolar baino gehiago galduko lituzke.