Mundua -
Afganistango gerra
AEBetako 2.100 soldadu baino gehiago hil dira Afganistango gerran
Barack Obama presidenteak zin egin du 2014 amaierarako ez dela tropa estatubatuarrik egongo Afganistanen.
Erredakzioa
'Askatasun Iraunkorra Operazioa' abian jarri eta, 2001eko iraileko eraso terroristei erantzuna emanez, Estatu Batuek Afganistan inbaditu zutela 13 urte pasatu dira. Gerra horretan, guztira 2.143 soldadu estatubatuar hil direla eta 54.000 militar oraindik Afganistanen daudela jakinarazi du gaur Estatu Batuetako Defentsa Departamenduak.
Pentagonoak aipatu duenez, 19.334 soldadu zauritu dira Estatu Batuen historiako gerrarik luzeena den horretan.
Hainbat kalkuluren arabera, gatazka horrek 6.000 milioi dolar inguruko kostua izan du AEBentzat (4.400 milioi euro).
Kanpainaren hasieran, Estatu Batuek indar berezietako talde txikiak bidali zituzten Afganistan iparraldera. Bertan, talibanen aurkako fakzio batzuekin bat egin eta erregimen hori agintetik kendu zuten, talibanek Osama bin Ladeni eta horren Al-Qaida sareari indarra ematen baitzioten.
Eraso militar irekiak 2001eko urriaren 7an hasi ziren, aireko erasoekin eta misilen jaurtiketarekin. Gainera, Estatu Batuen eta horien aliatuen 20.000 soldadu inguru iritsi ziren pixkanaka Afganistango lurretara.
2009an 30.000 soldadu gehiago bidali arren, Barack Obama presidenteak zin egin du 2014 amaierarako ez dela tropa estatubatuarrik egongo Afganistanen.
Pentagonoak otsailerako 34.000 soldadu soilik utziko dituela adierazi du, baina herrialde asiarrean atzera egiteko aginduaren zain dagoen soldadu estatubatuarren kopurua gerrako lehen zazpi urteetan baino handiagoa da.
2013ko lehen zortzi hilabeteetan, gutxienez 102 soldadu hil dira Afganistanen, gerraren lehen sei urteetan baino gehiago.
Estatu Batuak eta euren aliatuak 800 base militar edukitzera iritsi dira gerra osoan zehar. Gaur egun 100 inguru dituzte, eta nazioarteko esku-hartzearen inpaktua kolokan dago.