Mundua -
Tragedia Lampedusan
Inmigrazioa Europako Kontseiluan jorratzea adostu dute Italiak eta EBk
''EBk ezin du beste alde batera begiratu'', esan du Barrosok, eta Italiari 30 milioi euroko laguntza emango diotela aurreratu du. Protesta eta oihu artean hartu dituzte Lampedusan Barroso eta Letta.
Erredakzioa
Inmigrazioaren arazoa hilaren 24an eta 25ean Bruselan egingo duten Europako Kontseiluan jorratzea adostu dute Italiako Gobernuak eta Europako Batzordeak, joan den ostegunean Lampedusan hondoratutako ontziak eragindako tragediaren ondoren.
Hala iragarri du Enrico Letta Italiako gobernu-buruak, Lampedusan bertan eskaini duen prentsaurrekoan. Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidentearekin batera bisitatu du irla Lettak.
300 hildako baino gehiago utzi dituen tragediaren ondorioak bertatik bertara ikusi ondoren, Barrosok esan du EBk ezin duela ''beste alde batera begiratu''. "Erantzun egokia eman behar diogu. Ontziak hondoratu eta biziak suntsitzen diren bitartean Europak ezin du beste alde begiratu'', gaineratu du.
Halaber, etorkinak jasotzeak dakarren ''pisua'' beste herrialde batzuen artean ''birbanatu'' beharra dagoela defendatu du Barrosok. EBko presidenteak gogoratu duenez, iaz Europara 332.000 etorkin heldu ziren, eta babes eskaeren % 70 bost herrialdek jaso zituzten: Alemaniak, Frantziak, Suitzak, Erresuma Batuak eta Belgikak.
30 milioi euroko laguntza
Hala, egoerari aurre egiteko EBk Italiari emandako lehen erantzuna 30 milioi euroko diru-laguntza izango dela iragarri du Barrosok.
Oihu eta protesta artean hartu dituzte
Lampedusako herritarrek ''lotsagarria'' oihu artean hartu dituzte agintariak, gaurko bisita ''desfile hutsa'' dela salatuz. Halaber, agintariek dagoeneko gainezka dagoen etorkinentzako harrera egoitzara bisita egiteko asmoa ez izatea kritikatu dute.