Mundua -

Bahiketa, Tripolin

Libiako lehen ministroa aske, milizia batek bahitu eta gero

Fiskaltzak aginduta "atxilotu" duela esan du talde armatuak, baina Ministerio Publikoak ukatu egin du.

Ali Zidan Libiako lehen ministroa, irailean Erresuma Batuan. EFE
Ali Zidan Libiako lehen ministroa, irailean Erresuma Batuan. EFE
Ali Zidan Libiako lehen ministroa, irailean Erresuma Batuan. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ali Zeidan Libiako lehen ministroa aske geratu da, milizia batek hainbat orduz bahituta izan eta gero, herrialdeko albiste-agentzia ofizialeko bozeramaileak jakinarazi duenez.

Libiako Matxinoen Aretoak, Tripoliko segurtasuna bermatzeko Barne Ministerioarentzat lan egiten duen milizia batek, bere gain hartu du lehen ministroaren "atxiloketa", eta "Fiskaltzak aginduta" egin duela esan du. Dena dela, Ministerio Publikoak ukatu egin du Zeidan atxilotzeko agindurik eman izana, Al Arabiya telebista kateak iragarri duenez.

Miliziako kideek azaldu dutenez, AEBk Nazih al Raqi Al-Qaidako burua atxilotu eta gero atzeman dute Libiako lehen ministroa, eta estatubatuarren atxiloketa horretan lagundu zuten pertsona "guztiak" jazartzen jarraituko dutela ohartarazi dute.

"Libiako Gobernuak atxiloketaren berri zuela esan du John Kerry AEBko Estatu idazkariak", nabarmendu du miliziak, Reuters agentziaren arabera.

Libian ezegonkortasun politiko handia dago 2011. urteko urriaren 20an Muamar Gadafiren erregimena erorarazi zutenetik, diktadorearen aurka egin zuten hainbat miliziak uko egin baitiote armak entregatzeari.

Talde armatu batzuek bat egin dute Segurtasun Indarrekin, baina beste batzuek euren kabuz jarduten jarraitzen dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea