Mundua -
Hauteskundeak Luxenburgon
Demokristauak nagusitu dira Luxenburgon, baina babesa galdu dute
CSV izan da alderdi bozkatuena botoen % 33,4 eskuratuta. Bestalde, DP alderdi liberalak eta LSAP alderdi sozialistak hamahiruna eserleku lortu dituzte Parlamentuan.
Erredakzioa
Jean Claude Junker lehen ministroaren Alderdi Demokristauak (CSV) irabazi ditu Luxenburgoko hauteskundeak, baina hainbat eserleku galdu ditu.
CSV alderdi demokristaua nagusitu da botoen % 33,4 eskuratuta. Hala ere, demokristauek herritarren babesa galdu dute aurreko hauteskundeekin alderatuta; izan ere, 3 eserleku galdu ditu eta 23 izango ditu aurrerantzean. Parlamentuan 60 eserleku daude, eta, beraz, gehiengoa izateko beste alderdiren baten babesa beharko du.
DP alderdi liberalak izan du gorakada handiena: lau eserleku irabazita, 13 izango ditu aurrerantzean. Uztailera arte CSVren bazkide izan den LASP alderdi sozialistak ere 13 eserleku erdietsi ditu.
"Emaitzak baieztatzen badira, irabazle nabarmen bat izan da hauteskunde hauetan, eta hori DP alderdia da", adierazi du Xavier Bettel alderdi liberaleko buruzagiak.
Berdeak laugarren indarra izango dira, eta, aurreko hauteskundeekin alderatuta, eserleku bat galduko dute.
Sozialistak, liberalak eta ekologistak batuta, gehiengoa izango lukete Parlamentuan, eta hiru alderdiek aukera hori mahai gainean jarri dute hauteskunde kanpainan. Aukera hori gauzatuko balitz, CSVk agintea galduko luke urte askoan lehen aldiz. Bigarren Mundu Gerraz geroztik alderdi horrek gobernatu du herrialdea, ia etenik gabe, eta azken 18 urteetan Jean Claude Juncker demokristaua izan da lehen ministroa.
Junckerrek bazkidea aurkitu beharko du agintzen jarraitu ahal izateko. "Emaitza onak lortu ditugu: CSV izan da alderdi bozkatuena. Niri dagokit orain balizko koalizio gobernurako negoziazioak gidatzea", gaineratu du.
Jean Claude Juncker lehen ministroak hauteskundeak aurreratzeko erabakia hartu zuen uztailean, herrialdeko zerbitzu sekretuen afera dela medio.