Mundua -
Liskarrak Iranen
Gutxienez 17 polizia hil dira Iran hego-ekialdean izandako erasoetan
Oraindik ez da zehaztu Sistan-Balutxistan probintzian jazo diren liskarretan zenbat pertsona hil diren. Irango agintariek 16 ustezko erreboltari urkatu dituzte erasoei erantzun gisa.
Erredakzioa
Irango mugaldeko gutxienez hamazazpi polizia hil dira Pakistango mugan izandako liskar armatuetan, IRNA albiste agentziaren arabera.
Borroka horiek Sistan-Balutxistan probintzian izan ziren atzo, Iran hego-ekialdean. Polizia "talde kriminal" batzuen aurka tiroka aritu zen, identifikatu gabeko iturriek IRNAri adierazi diotenez.
Rajabali Sheijzadeh Arazo Politikoen eta Segurtasunaren gobernadoreordeak eta tokiko Poliziak onartu egin dute istiluetan biktimak egon zirela, baina ez dute zehaztu zenbat.
Lehen informazioen arabera, gutxienez 17 mugaldeko polizia hil direla adierazi diote iturri anonimoek IRNAri.
Teheranek unitate militarrak bidali ditu zonalde hartara, segurtasuna bermatzeko.
Sistan-Balutxistan probintzian Yundulá (Jainkoaren armada) erreboltari armatu sunnitek jardun ohi dute. Teheranek erakunde terroristatzat dauka Yundulá, eta taldearen egituraren zati handi bat deseginda dutela diote Irango agintariek.
2010eko ekainean, Abdul Malik Rigi Yunduláko burua atxilotu zuten, eta epaitu eta hil egin zuten.
Erreboltari sunnitez gain, Afganistandik ekarritako armak eta drogak trafikatzen dituzten taldeek jarduten dute Sistan-Balutxistanen. Horrek segurtasun-indarrekin hainbat liskar armatu eragiten ditu.
Ustezko 16 erreboltari urkatuta
Irango agintariek ustezko hamasei erreboltari urkatu dituzte gaur, mugaldeko hamazazpi polizien heriotzagatik.
"Gaur goizean hamasei erreboltari urkatu ditugu, atzo burutu zuten ekintza terroristari erantzun gisa", adierazi du Mohamad Marziek, Sistan-Balutxistan probintziako Sahedan hiriburuko fiskal orokorrak, Isna albiste agentziaren arabera.