Mundua -
Txina
Bost hildako Tiananmenen, auto bat sartu eta izua zabaldu ostean
Autoaren gidaria eta bi bidaiariak hil egin dira. Horiez gain, besteak beste, turista filipinar bat ere hil da. Hedabide batzuen arabera, Gobernuaren kontra protesta egiten ari zen auto-gidaria.
Erredakzioa
Bost pertsona hil eta 38 zauritu dira auto bat Txinako hiriburuko Tiananmen plazan sartu, jendea harrapatu eta su hartu ostean, Xinhua albiste-agentzia ofizialak jakitera eman duenez.
Ibilgailu bat Changan etorbideko espaloi gainera igo da eta hainbat turista eta polizia harrapatu ditu Hiri Debekatuaren sarreran, oraindik argitu ez dituzten arrazoiak direla medio.
Autoaren gidaria eta harekin zihoazen bi bidaiariak hil egin dira gertakarian. Horiez gain, autoarekin harrapatutako beste bi pertsona hil dira, turista filipinar bat tartean.
Xinhua albiste-agentziak ez ditu gertatutakoaren nondik norakoak argitu, baina hedabide batzuek Gobernuaren kontrako protesta baten baitan kokatu dute.