Mundua -

Nigeria

28 hildakotik gora eta 200 zauritu Nigerian, jende-pilaketa batean

Ezbeharra bijilia katoliko baten amaieran izan zen. Tokiko gobernadorearen ustekabeko bisitak parte-hartzaile batzuk berotu zituela azaldu dute hedabide nigeriarrek.

28 pertsona hil dira Nigeriako jende-pilaketan. EITB.
Nigeriako jende-pilaketa
28 pertsona hil dira Nigeriako jende-pilaketan. EITB.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

28 pertsona baino gehiago hil eta 200 zauritu ziren atzo, bijilia katoliko baten amaieran izandako jende-pilaketa batean. Ezbeharra Nigerian gertatu zen, Anambra estatuko Uke herrian.

100.000 pertsona gerturatu ziren Santu Guztien Egunez egindako gaueko zeremoniara, tokian ezaguna den Emmanuel Obinma apaizak astero antolatzen dituen bijilia erlijiosoetako bat baitzen. Ekitaldia antolatu zuten lekuak 5.000 pertsonarentzat tokia dauka.

The Vanguard egunkari nigeriarraren arabera, baliteke biktima kopuruak gora egitea datozen orduetan. Jarraitzaile zaurituak eta hildakoen gorpuak Nkpor eta Onitsha herrietako ospitaleetara eramaten ari dira momentuz.

Peter Obi Anambrako gobernadorea ustekabean joan zen bijiliara, haren familiako kideekin eta Progresista Guztien Aliantza Handia alderdiko goi-karguekin batera. Horietako inor ez dago biktimen artean.

 

Jende-pilaketaren zergatiak

Komunikabide nigeriarren arabera, Obiren bisitak bijiliako parte-hartzaile batzuk berotu zituen. Izan ere, Anambrako gobernadore izateko haren hautagaia den Willie Obianoren aldeko kanpaina egiten saiatu omen zen. Hauteskundeak azaroaren 16an izango dira.

Obik ukatu egin du informazio hori, baina onartu egin du jende multzo baten aurrean hitz egin zuela. "Zuzendari espiritualak hitza eman zidanean, politikarien kartelak zituzten pertsonak ikusi nituen bijilian, eta ezohikoa iruditu zitzaidan", azaldu du Anambrako gobernadoreak.

"Geroago, gertatutakoaren berri izan nuen, eta, segurtasun agentziekin batera, gogor egingo dugu lan ezbeharraren atzean egon direnak aurkitzeko. Leku sakratu bat ezin da politika egiteko erabili", gehitu du Obik.

Nigeriako The Sunday Punch egunkariaren arabera, jende-pilaketa Obik eta haren laguntzaileek alde egin ondoren gertatu zen. Gobernadoreak eta zeremonia eskaini zuen gotzainak ospitalean dauden zaurituak bisitatu dituzte gaur.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea