Mundua -
Epaiketa Kairon
Mohamed Mursiren aurkako epaiketa urtarrilaren 8ra atzeratu dute
Mursi uztailaren 3an kargutik indarrez kendu zuten, eta ordutik atxilotuta izan dute Anaia Musulmanen hautagaia izan zena.
Erredakzioa
Mohamed Mursi Egiptoko presidente ohiaren aurkako epaiketa gaur hasi da, Kairo kanpoaldean dagoen Polizia Akademian. Hala ere, aurreneko saioak ordubete baino gutxiago iraun du, epaileak saioa bertan behera utzi baitu. Mursiri auzipetuen jantzia janzteko eskatu dio epaileak, baina honek ez du agindua bete eta epaileak saioa bertan behera uztea erabaki du. Ondoren, Kairoko Zigor arloko Epaitegiak epaiketa urtarrilaren 8ra arte atzeratzea erabaki du.Egiptoko telebista ofizialaren arabera, Ahmed Sabri epaileak data berria jakinarazi du, saioa birritan eten ondoren. Akusazioaren abokatuek denbora gehiago eskatu diote epaileari.
Saioan, Mursik esan du bera dela Egiptoko legezko presidente bakarra, eta militarrei "traizioa" egitea eta "kriminalak" izatea egotzi die. Epaileen aurrean, "militarren gobernuaren" aurkako leloak esan ditu, eta gaur hasi den epaiketa "iruzur hutsa" dela azpimarratu du. Horrez gain, uztailean gertatutakoa "estatu kolpea" izan zela berretsi du.
Mursi indarrez kendu zuten kargutik uztailaren 3an, eta ordutik atxilotuta izan dute Anaia Musulmanen hautagaia izan zena. Helikopteroz eraman dute Mursi atxilotuta duten tokitik epaitegira, Kairo kanpoaldeko Polizia Akademiara.
Beste 14 auzipetuak ere iritsi dira epaitegira, tartean Esam Al Arian PLJ alderdiko presidenteordea. Segurtasun neurri handi artean eraman dituzte guztiak. Torako espetxetik Polizia Akademiara doan errepidea moztu egin dute, balizko erasoak saihesteko.
Mursiren jarraitzaileek elkarretaratzea egin dute Polizia Akademia aurrean, eta Egiptoko Gobernuak 20.000 polizia jarri ditu epaitegitik gertu, tokiko hedabideek jakinarazi dutenez.
Presidente ohiak ez du epaimahia ontzat ematen, eta haren abokatuek uko egin diote Mursi defendatzeari.
2012ko abenduan presidente jauregiaren inguruan izandako protestetan hainbat herritarren heriotza eragin zuen operazioaren arduradun nagusi izatea egotzi diete Mursiri eta horrekin batera epaitzen ari diren gainerako guztiei.