Mundua -
Agiria
Kongoko M23 taldeak borroka armatua utzi du
"Matxinadaren amaieraren iragarpena" izeneko agiriaren bidez eman du erabakiaren berri Bertrand Bisimwa M23ko presidenteak, eta aurrerantzean "bide politikoa" soilik erabiliko dutela azpimarratu du.
Erredakzioa
M23 talde kongoarrak borroka armatuaren amaiera eta desarme prozesuaren hasiera iragarri ditu gaur, Kongoko Errepublika Demokratikoaren Armadaren eta NBEren indarren aurka ia bi urtez borrokan aritu ondoren.
"Matxinadaren amaieraren iragarpena" izeneko agiriaren bidez eman du erabakiaren berri Bertrand Bisimwa M23ko presidenteak, eta aurrerantzean "bide politikoa" soilik erabiliko dutela azpimarratu du.
Gobernuak M23 taldea bere azken gotorlekuetatik kanporatu dutela iragarri eta ordu batzuetara iritsi da albistea. Hain zuzen ere, 20 hilabeteren ostean, gatazka bukatutzat eman du Gobernuak gaur bertan.
"Tshanzu eta Runyoni 03:00ak inguruan hartu dituzte", adierazi du Lambert Mende Gobernuaren bozeramaileak. "Alde militarrari dagokionez, hau bukatuta dago", gaineratu du.
Bestalde, Gobernuaren eta matxinatuen arteko bake negoziazioak ahal bezain pronto abiatzeko itxaropena daukala adierazi du.