Mundua -

Hauteskundeak

Bill de Blasio progresista, New Yorkeko alkaterako faborito

Inkesten arabera, hautagai demokratak botoen % 65 jasoko ditu, eta Joe Lhota errepublikanoak, aldiz, % 24.

Bill de Blasio New Yorkeko alkategai demokrata. EFE
Bill de Blasio New Yorkeko alkategai demokrata. EFE
Bill de Blasio New Yorkeko alkategai demokrata. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bill de Blasio AEBko Alderdi Demokratak New Yorkeko Alkatetzarako duen hautagaia da faborito nagusia gaurko hauteskundeetan 'Sagar Handia'ren alkate bihurtzeko, inkesta guztien arabera.

The Wall Street Journal egunkariak eta NBC telebista kateak publikatutako azken inkestei erreparatuta, hautagai progresistak botoen % 65 jasoko ditu, eta horren aurkari nagusiak, Joe Lhota errepublikanoak, % 24.

Hauteskunde kanpainan, De Blasiok sektore guztietatik jaso ditu babesak: zuriak, beltzak, latindarrak, Asiakoak...

Michael Bloomberg alkatearen agintaldian (azken 12 urteak) New Yorkeko ekonomiak hobera egin badu ere, pobrezian bizi diren herritarren % 46k ez dutela hori nabaritu aldarrikatu du hautagai demokratak, kanpainan.

Hori horrela, urtean 500.000 dolar (370.000 euro) baino gehiago irabazten dituztenei zergak igotzea proposatu du, haurren hezkuntza finantzatzeko eta klase ertainen ikastetxeetan arratsaldez ere eskolak eskaintzeko.

New Yorken, Poliziak nahi duena gelditzeko eta miatzeko eskubidea du, horretarako aitzakiarik izan gabe ere ("Stop and frisk" politika), eta neurri horrek polemika handia piztu du, agenteek gehienbat beltzak eta latindarrak geldiarazten dituztelako. Polemika horren aurrean, De Blasio neurriaren aurka agertu da, eta horrek ere haren ospea handitu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
New York bideoak