Mundua -
Tifoien denboraldia
Milaka lagun etxetik atera dituzte Filipinetan 'Yolanda' tifoiagatik
Denboraldiko tifoirik indartsuenetakoa da eta Filipinetako erdialdea gurutzatuko du gaur. Hiru lagun hil dira.
Erredakzioa
Yolanda tifoi indartsuak Filipinak jo ditu gaur goizean, haizete eta eurite gogorren ondorioz, milaka lagun etxetik atera behar izan dituzte eta hiru lagun hil dira, Hondamendiak Murrizteko eta Kudeatzeko Kontseilu Nazionalaren zuzendariak jakinarazi duenez. Hildakoetako bat 56 urteko gizonezkoa dela adierazi dute agintariek, argindar-zutoi bat gainera erorita. Zendutako beste biak elektrokutatuta hil dira, tifoiak linea elektrikoak bota ditu eta.
Bohol eskualdea zigortu du bereziki tifoiak. Jada nahikoa hondatuta dagoen eremua da, urriaren 15ean 220 hildako utzi zituen lurrikararen kalteak konpontzen ari baitziren.
Orotara, 125.000 lagun etxetik aterararazi eta Mimaropa Bicol, Mendebaldeko Bisayas, Erdialdeko Bisayas, Ekialdeko Bisayas, Iparraldeko Mindanao, Davao, eta Caraga herrialdeetako 109 zentrora eraman dituzte, 'Manila Bulletin' egunkariak jakinarazi duenez.
Bisayasen bulego guztiak itxi zituzten atzo, tifoia heltzear zelako. Cebu eta Ilolio eskualdeetan, berriz, gaur izango dituzte zarratuta. Boholen ere, antzeko egoeran daude.
Inoizko tifoirik indartsuena izan da Yolanda. Dena dela, lur hartuta indarra galdu du baina abiadura irabazi; hortaz, litekeena da ostiral iluntzerako Filipinetako lurrak uztea. 215 km/h-ko haize boladak izan dira goizean eta 330 km/h-rainokoak izan dira une zenbaitetan.
Egoera honen aurrean, unean uneko informazioei adi egoteko eskea egin dute agintariek, batez ere tifoiaren eraginpe zuzenean dauden herrialdeetako bizilagunei.