Mundua -
'Yolanda' tifoia
1.200 hildakotik gora Filipinetan, Gurutze Gorriaren arabera
'Yolanda' tifoiaren ondorioz, gutxienez 138 pertsona hil direla adierazi du Gobernuak. Ehunka pertsona zauritu ditu Filipinen historiako tifoirik indartsuenetakoak.
Erredakzioa
Filipinetako Gobernuak gutxienez 138 pertsona hil eta 14 desagertu direla adierazi du, artxipelagoaren erdialdetik pasatu den 'Yolanda' tifoiaren ondorioz. Aldiz, Filipinetako Gurutze Gorriak hildako kopurua handiagoa dela azaldu du, gutxienez 1.200 pertsona hil direla uste baitu, kaltetuei laguntzen diharduten boluntario taldeek jakinarazi dutenez.
Gobernu filipinarraren Hondamendien Kudeaketa eta Murrizketarako Batzordearen azken txostenaren arabera, 4,2 milioi pertsona kaltetu ditu tifoiak. Horietatik, 342.000 lagunek euren etxea utzi behar izan dute. 3.400 etxebizitza larri kaltetu ditu 'Yolandak', eta euri-zaparrada gogorrek eta orduko 300 kilometrotik gorako haizeek argindarraren hornidura-mozketak, lur-irristatzeak eta uholdeak eragin dituzte.
Bestalde, Filipinetako Gurutze Gorriak 1.200 hil direla uste du. Horietatik mila inguru Leyte uharteko Tacloban hirian zendu dira, eta beste 200, Samar eskualdean, Gwendolyn Pang erakundeko idazkari nagusiaren arabera.
"Tablobanen, 1.000 gorpu inguru ikusi dituzte Gurutze Gorriko taldeek. Samar eskualdean 200 inguru izango ziren, baina oraindik egiaztatu gabe dago", adierazi du Pangek.
'Yolanda' tifoiaren etorrera dela eta, artxipelago filipinarreko 38 hiritako 792.000 pertsona baino gehiago atera dituzte etxetik. Agintariek antolatu dituzten 812 babes-zentroetan hartu dituzte guztiak.