Mundua -
Istiluak Frantzian
70 atxilotu Parisen, Hollande presidentearen aurkako protestetan
Presidenteak txistuak entzun ditu armistizio eguneko omenaldi ekitaldi ofizialak egin dituzten tokia uzterakoan.
Erredakzioa
Frantziako Poliziak 70 lagun atxilotu ditu gaur Parisen, Lehen Mundu Gerrako armistizioa oroitzeko ekitaldian baimendu gabeko manifestazioa egiteagatik. Bertan, François Hollande presidenteari txistuak jo dizkiote manifestariek.
Gertakaria Eliseoko Zelaien Etorbidean antolatutako ekitaldian izan da. Hara gerturatu da Hollande, gerran hil zirenei eta, orokorrean, Frantziaren alde borroka egin zutenei omenaldia egiteko.
Manifestari batzuek "Hollande, dimisioa, diktadura, ez dugu zure legea nahi" oihu egin diote, eta beste batzuek "bonete gorriak" zeramatzaten, mugimendu bretoiaren bereizgarri diren txapelak. Izan ere, bretoiek asteak daramatzate Gobernuaren politika fiskalaren aurka protesta egiten.
Istiluak baino lehen, Garaipenaren Arkutik gertu zeuden Wallerand Saint-Just, Fronte Nazionala alderdi ultraeskuindarraren Parisko alkatetzarako hautagaia, eta alderdi bereko beste zenbait kide bertatik urrundu ditu Poliziak, Hollande presidentea leku hartan dagoen hildakoen omenezko sua ikustera joango zela espero baitzuen.
Le Parisien egunkariaren arabera, Marine Le Penen alderdiaren oposizioak ere manifestazioa egin du Garaipenaren Arkuaren ingurumarian, "behera Fronte Nazionala" eta "Fronte Nazionala gerra da" oihukatuz.
Iturri berberaren arabera, presidenteak eta horren segizioak txistuak entzun dituzte omenaldi ekitaldi ofizialak burutu diren tokia uzterakoan.
Manuel Valls Frantziako Barne ministroak geroago adierazi duenez, "eskuin muturrari lotutako hainbat pertsona" izan dira istiluen arduradunak.
Gainera, tokiko hedabideei esan dienez, Eliseoko Zelaien Etorbidean "Fronte Nazionaleko hautagaiak eta pertsonaia ospetsuak" zeuden.