Mundua -

Indarkeria

20 gorpu aurkitu dituzte Mexiko mendebaldeko zortzi hobi ezkututan

Agintari mexikarrak hilabete hasieran desagertutako bi polizia federalen bila zebiltzan. Fiskaltzaren arabera, aurkitutako gorpuak ez datoz bat polizienekin.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Agintari mexikarrek 20 gorpu aurkitu dituzte ezkutuko zortzi hobitan, Mexiko mendebaldeko Michoacán estatuan, azaroaren 3an desagertutako bi polizia federalen bila zebiltzala. Halaxe adierazi dute Fiskaltzaren iturriek.

Gorpu asko "lotuta", "ahoa estalita" eta "torturatuta" zeudela eta "gehienek tatuajeak" zituztela azaldu dute desagertutako polizien bila dabiltzan ministerioko langileek.

"Orain arte, zortzi hobietan eginiko hondeaketa lanetan, hogei gorpu aurkitu dira", baieztatu dute Fiskaltzaren iturriek, eta aurkitutako gorpuak ez datozela polizienekin bat jakinarazi dute.

"Antolatutako delinkuentziaren arteko liskarrekin nolabaiteko lotura" zuten pertsonen gorpuak izan daitezkeela uste da, Jalisco Nueva Generación eta Caballeros Templarios karteletako kideenak, batez ere.

Hilabete hasieran, agintari mexikarrek bi polizia desagertu zirela jakinarazi zuten, eta haien autoa kiskalita aurkitu zuten. Geroago abiatu zuten operazioan, Vista Hermosako 22 udaltzain eta hiru zibil atxilotu zituzten. Horietatik 20 agentek eta zibil batek antolatutako krimenarekin loturak zituztela baieztatu zuten.

Fiskaltzaren aburuz, desagertutako bi agenteak Vista Hermosako poliziak atxilotu zituen. Azken horiek Jalisco Nueva Generación kartelari informazioa ematen dietela eta bi agenteak La Barca herriko sikarioei bidali zizkietela uste dute agintariek. Herri horretan aurkitu dituzte ezkutuko zortzi hobiak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea