Mundua -

Hauteskundeak Txilen

Bachelet da faboritoa Txileko Presidentetzarako hauteskundeetan

Inkesten arabera, presidente ohiak lortuko du garaipena, Evelyn Matthei eskuindarraren aurretik. Erreformak eginez, "Txileren aurpegia aldatu nahi dut", esan du egungo presidenteak.

Bachelet hautagaiaren aldeko kartelak, Txilen. EFE
Michelle Bachelet
Bachelet hautagaiaren aldeko kartelak, Txilen. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Michelle Bachelet Gehiengo Berria ezkerreko koalizioko hautagaia izan da bozkatuena igande honetan Txilen egin diren Presidentetzarako hauteskundeetan, Servel Txileko Hauteskunde Zerbitzuak jakinarazi duenez.

Botoen % 6,5 zenbatuta, Bacheletek botoen % 45,13 lortu ditu, eta, joera hori baieztatzen bada eta % 50eko langa gainditzen badu, garaile izendatuko dute. Bacheleten etsai nagusiak, Alianza eskuineko koalizioko hautagaiak, Evelyn Mattheik, botoen % 24,42 lortu ditu.

Bietako inork gehiengoa lortzen ez badu, hauteskundeetako bigarren itzulia egingo dute abenduaren 15ean.

Kongresua eta Senatua berritzeko eta presidentea aukeratzeko hauteskundeak egin dituzte igande honetan Txilen, eta Euskal Herrian 22:00ak zirenean itxi dituzte hauteslekuak.

Boto zenbaketaren ondoren jakingo da Michelle Bachelet presidente izateko hautagai nagusiak gehiengo osoa lortzen duen edo bigarren itzulia egingo den.

13,5 milioi herritarrek zuten botoa emateko eskubidea, eta lehen aldiz boto ematea borondatezkoa izan da. Hori dela eta, abstentzioaren beldur ziren hautagaiak.

Txiletarrek Evelyn Matthei eskuindarraren eta Michele Bachelet ezkerreko presidente ohiaren artean erabaki behar zuten. Inkesta guztien arabera, Bacheletek lehen itzulian lortuko du La Monedarako txartela.

Diputatuen Ganberako 120 eserlekuak ere gaur berrituko dituzte, eta 38 senataritik 20 hautatuko dituzte txiletarrek.

Ikerketa Publikoen Zentroak argitaratu duen azken inkestak dioenez, lehen itzulian, botoen % 47 jasoko ditu Bacheletek, eta Mattheik, aldiz, % 14.

Sebastian Piñera presidenteak Matthei bigarren itzulira heltzeko duen itxaropena azaldu du. "Bigarren itzulia izango dugula uste dut, eta hori lortzen badugu, hauteskundeak desberdinak izango dira, herrialdearen bi ikuspegi desberdin aurrez aurre izango baitira modu argian", esan du.

Guztira, bederatzi hautagai izan dira lehian. Bachelet eta Matthei albo batera utzita, Marco Enriquez Ominami, Marcel Claude eta Roxana Miranda ezkertiarrak, Franco Parisi eta Tomas Jocelyn Holt eskuindarrak, Ricardo Israel erregionalista eta Alfredo Sfeir Los Verdes alderdiko burua izan dira hautagaiak.

Aliantzaren beldur nagusia abstentzioa da. Mattheiren hauteskunde kanpaina antolatu duen taldeko buruak, Joaquin Lavinek, abstentzioa "arerio nagusia" dela onartu du. "Gure energia guztia jendea bozkatzera joan dadin konbentzitzeko ari gara erabiltzen", azaldu du.

Gainera, azaroaren 7an hasi zen sektore publikoko langileen grebak bete-betean harrapatuko ditu hauteskundeak. Servel Hauteskunde Zerbitzuak guztia normaltasunez joango dela espero du, baina lehen emaitzak "apur bat geroago" jakinaraziko direla iragarri du.

Erreformak jarraipenaren aurrean

Bacheletek "Txileren aurpegia aldatu" nahi duela adierazi du. Irabazten badu, ezkerrari boterea emango lioke berriz, Augusto Pinocheten diktaduraz geroztik, ezkerrak gobernatu baitu Hegoamerikako herrialdean, azken lau urteetan izan ezik.

Presidente ohiak konstituzio erreforma sakon baten aldeko apustua egin du. Horren asmoa oinarrizko eskubideen katalogo zabal bat gehitzea eta biztanleria osoa benetan ordezkatzen duen hauteskunde sistema sortzea da. Hezkuntzan eta sistema fiskalean ere erreformak egin nahi dituela adierazi du.

Bestalde, Mattheik bide-orri guztiz desberdin bat aurkeztu du. Hauteskunde kanpaina osoan zehar nabarmendu duen bezala, Piñeraren Gobernuak martxan jarritako politikei jarraipena eman nahi die, nahiz eta gehienek gizartearen erantzun gogorra izan duten.

Enpresa txiki eta ertainei laguntzak emanez ekonomia garatzea, 600.000 lanpostu berri sortzea eta energia eta meatazaritza proiektuak dituzten eskualdeen baliabideak areagotzea dira Mattheiren Gobernu programaren oinarriak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea