Mundua -
Bharaiya Mahila Bank
Emakumeentzako lehen banketxea inauguratu du Indiak
Langileak emakumezkoak izango dira, eta maileguak ere eurentzat izango dira nagusiki. Gaur egun, Indiako emakumeen % 26k bakarrik du kontua banketxe batean.
Erredakzioa
Emakumeentzako lehen banketxea zabalduko du gaur Indiak: Bharaiya Mahila Bank izenekoa. Manmohan Singh lehen ministroak inauguratu du, Mumbain. 2017rako 500 bulego zabaldu nahi dituzte herrialde osoan.
Bharaiya Mahila Bank izango du izena banketxeak eta Mumbain zazpi bulego izango ditu. Langileak emakumezkoak izango dira eta mailegu eta gordailuak ere eurentzat izango dira nagusiki, BBC telebista kate britainiarrak jakinarazi duenez.
Gaur egun, Indiako emakumeen % 26k bakarrik du kontua banketxe batean; gizonezkoen artean, % 46koa da portzentajea, Munduko Bankuaren datuen arabera. Datu hori kalkulatzeko banketxe batean kontua izatea, kreditu bat edukitzea, kooperatiba baten kide izatea edo mikrofinantza erakunde bat edukitzea hartu dute irizpidetzat.
"Gurean kontu bat zabaltzeko deia egiten diegu emakumeei zein gizonei, baina maileguak emateko orduan, emakumeak lehenetsiko ditugu", esan dio Usha Ananthasubramanian banketxeko zuzendariak CNBC-TV18 telebista kateari.
P. Chidambaram Finantza ministroak azaldu duenez, bestalde, banketxeak "diskriminazioari, ahalduntzeari eta finantza inklusiboari" egingo dio aurre.