Mundua -
Bahiketa Erresuma Batuan
30 urtez bahituta egon diren hiru emakume aske utzi dituzte Londresen
Malasiako 69 urteko emakume bat, Irlandako 57 urteko bat eta Britainia Handiko 30 urteko bat dira aske utzi dituzten emakumeak.
Erredakzioa
Poliziak hiru emakume askatu ditu Londres hegoaldeko etxebizitza batetik. Antza, emakumeak 30 urtez egon dira bahituta etxe horretan eta esklabotza egoera bizi izan dute. 69 urteko gizonezko eta emakumezko bat atxilotu ditu poliziak.
Malasiako 69 urteko emakume bat, Irlandako 57 urteko bat eta Britainia Handiko 30 urteko bat dira aske utzi dituzten emakumeak. Scotland Yardek ezagutzera eman duenez, Freedom Charity erakunde ongileak urrian izandako parte hartzeari esker burutu ahal izan dute operazioa.
Freedon Charity erakundea poliziarekin harremanetan jarri zen emakume baten telefono deia jaso ondoren. Dei horretan, emakumeak bere borondatearen aurka 30 urtez atxikita zegoela adierazi zuen.
Ikerketa abiarazi zuten orduan eta etxebizitzaren kokalekua aurkitu zuten. Erakunde ongileak hainbat negoziazio mantendu ondoren, hiru emakumeak erreskatatu ahal izan dituzte.
"Freedom Charity erakundearen ekintzak txalotzen ditugu eta elkarrekin lanean ari gara biktima horiei laguntza eskaintzeko. Dirudienez, hogeita hamar urtez egon dira bahituta. Ikerketa zabal bat abiarazi dugu salaketa horien inguruko gertaerak argitu ahal izateko", adierazi du Kevin Hyland poliziako kideak.
"Nahitaezko ezkontzen inguruko telebistako dokumental batek bultzatu zuen biktimetako bat laguntza eskatzeko telefono deia egitera", esan du Hylandek.