Mundua -

Mediaset auzia

Zigortu zuen prozesua berriro aztertzea eskatuko du Berlusconik

Auzia berriz aztertzea eskatzeko 12 testigantza dituela iragarri du Italiako lehen ministro ohiak. Zazpi testigantza "guztiz berriak" dira, Berlusconiren hitzetan.

Silvio Berlusconi Italiako lehen ministro ohia. Argazkia: EFE
Silvio Berlusconi Italiako lehen ministro ohia. Argazkia: EFE
Silvio Berlusconi Italiako lehen ministro ohia. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bresciako (Italiako iparraldea) Apelazio Gortearen aurrean Mediaset auzia berriro aztertzea eskatuko duela iragarri du gaur Silvio Berlusconi Italiako lehen ministro ohiak. Auzitegi Gorenak lau urteko espetxe-zigorra ezarri zion abuztuaren 1ean, iruzur fiskala egitea egotzita.

Berlusconik prentsaurrekoa eman du Forza Italia alderdiaren egoitzan, Erroman. Auzia berriz aztertzea eskatzeko 12 testigantza dituela iragarri du politikariak. Horietako zazpi "guztiz berriak" dira, enpresaburuaren hitzetan. Mediaset auzia dela eta Senatuak Berlusconiri eserlekua ken liezaioke datorren asteazkenean.

"Bresciako Apelazio Auzitegiari berrikusketa bat eskatzeko agiriak ditugu, Konstituzioak hala bermatzen duelako", adierazi du Berlusconik testuen edukiaz xehetasunak eman baino lehen. Politikariaren prentsaurrekoa zuzenean eman du Italiako telebistak.

Lehen ministro ohiak azaldu duenez, abokatuek testigantza batzuk aurkeztu zituzten prozesuan dagoeneko, baina ez zituzten onartu. Mediaset auziaren epaiketan epaileek 171 lekukotasun atzera bota zizkiotela ziurtatu du Berlusconik.

Mediasetek (Berlusconiren telebistak) AEBetako filmak emateko eskubideak erosi zituen 470 milioi euroren truke 1994tik 1999ra arte. Eskubideen salneurriak ustez puztu zituzten, zergarik ez ordaintzeko eta dirua atzerrira eramateko xedearekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea