Mundua -
Atxiloketa Perun
Atxilotu bat Perun, Internetetik 500 adingabe sexualki erasotzeagatik
Espainiako, Argentinako, Txileko, Peruko eta Ukrainiako ehundaka adingabe Arturo Dodero Tello gaizkile peruarraren biktimak izan dira.
Erredakzioa
Peruko eta Espainiako Polizia Nazionalek 29 urteko Arturo Dodero Tello 'Maxi' atxilotu dute Liman, Perun. Argentinako, Txileko, Espainiako, Ukrainiako eta Peruko 500 adingabe baino gehiago erasotu ditu Doderok Internet bidez.
Hiru hilabetez Peruko Polizia Nazionalaren Goi Teknologiako Delituen Dibisioko agenteek egin duten ikerketa bati esker, posible izan da gaizkilea identifikatzea eta atxilotzea. Prozesu horretan parte hartu dute Perura joandako Espainiako zenbait agentek.
Espainiako Poliziaren ikuskariorde Jose Maria Martinsek adierazi duenez, "ikerketa sakona" egin dute "hilabete luzez". "Garrantzitsuena zera da, hispaniar arloko erasotzaile sexual arriskutsuena atxilotzea lortu dela", azpimarratu du Martinsek.
Dodero Limako San Juan de Lurigancho auzoan duen etxebizitzan atxilotu dute. Gaizkileak biktimen material pornografiko guztia ezkutuko disko gogor batean zuen gordeta. Etxea miatu ostean, poliziek gela bateko ohearen atzean egindako zulo batean topatu dute disko gogorra.
Ikerketaren arabera, Argentinako posta elektroniko bat erabiltzen zuen Doderok, adingabe bat zela esanez. Horrela, biktimekin laguntasun harremana garatzen hasten zen. Geroago, adingabeen konfiantza eskuratzeko, barruko arropan argazkiak ateratzeko eta bideoak grabatzeko eskatzen zien. Ondoren, xantaia egin eta biluzik grabatzera derrigortzen zituen, baita zoofilia ekintzak burutzera ere.
Gainera, pedofiloen eta pederasten nazioarteko erakunde kriminal bateko parte zen Dodero, eta hainbat herrialdetako Poliziak bere bila zebiltzan. Ikerketak zabalik jarraitzen du, erakundeko beste kide batzuk topatu ahal izateko. Horiek haurren bideo pornografikoak grabatu eta salerosten zituzten.