Mundua -

Indarkeria Afrikan

300 hildakotik gora indarkeriagatik Afrika Erdiko Errepublikan

Ehunka pertsona hil dira ostegunetik Banguin, errepublikako hiriburuan, miliziek  zibilen aurka egindako erasoetan.

Indarkeria da nagusi Afrika Erdiko Errepublikan. EFE
Indarkeria da nagusi Afrika Erdiko Errepublikan. EFE
Indarkeria da nagusi Afrika Erdiko Errepublikan. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

300 pertsona baino gehiago hil dira ostegunetik Banguin, Afrika Erdiko Errepublikako hiriburuan, miliziek hiritarren aurka egindako erasoetan, Gurutze Gorriaren arabera. Hildako kopuruak gora egin dezake datozen orduetan, desagertuta dauden pertsonen bila jarraitzen baitute.

Egoera nahasia da gaur Banguin, tropa frantziarrak bertan dauden arren. 'Anti-Balaka' milizia kristauak erasoei ekin zietenetik, indarkeria da nagusi hiriburuan. Segurtasun indarrek, Séléka milizia musulmanaren laguntzaz, erasoei aurre egiten dihardute.

"Jendea hiltzen ari dira, armatutako gizonek bertan jarraitzen dute eta indarkeria erabiltzen dute hirian", adierazi du Banguiko laugarren barrutiko agintari batek.

Frantziako armadako ehiza-hegazkinek eremua aztertu zuten atzo. "Gaurko egunak erabakigarria izan beharko luke. Frantziako ejertzitoak gure auzoa erasotzen jarraitzen duten Sélékaren gizonak kanporatu behar ditu", azaldu du Bangui iparraldeko hiritar batek.

Liskarrak ostegunean gogortu ziren, 'Anti-Balaka' taldeko milizianoen erasoen ostean –sango hizkuntzan "aihotz-aurkako" esan nahi du, eta postutik kendu zuten François Bozize presidentearen aldekoak dira-. Ordu batzuk geroago, NBEk Frantziako indar militarrak Afrikara bidaltzeko agindua eman zuen, indar afrikarrekin bat eginda, herrialdeko biztanleak babestu eta ordena berreskuratzeko.

Afrika Erdiko Errepublikaren krisia 2013ko martxoaren 24an hasi zen. Séléka miliziako erreboltariek hiriburua hartu zuten, eta Bozize presidentea erbestera bidali ostean, herrialdearen agintea lortu zuten.

Gaur arratsaldean, Frantzia-Afrika goi-bileraren ostean, François Hollande Frantziako presidenteak Afrika Erdiko Errepublikaren egoera aztertzeko bilera bat egingo du, bertan baitaude tropa frantziarrak, NBEren aginduz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea