Mundua -
Erresuma Batuan eta Irlandan
Hainbat hegaldi bertan behera edo atzeratuta, Britainia Handian
Aire-zirkulazioko kontrol zentroak arazo bat izan du, eta hori zenbait aireportutan ari da eragina izaten: Heathrown, Gatwicken, Manchesterren, Dublinen, Cardiffen eta Edinburghen, besteak beste.
Erredakzioa
Aire-zirkulazioko kontrol zentro britainiarrean izandako arazo tekniko baten ondorioz, hainbat hegaldi bertan behera geratu dira edo atzerapenak ari dira pairatzen Britainia Handiko aireportuetan. Besteak beste, ondorengo aireportuetan ari da eragina izaten arazo hori: Londreseko Heathrown, Gatwicken eta Stansteden; Manchesterren, Southamptonen eta Birminghamen; Irlandako Dublinen; Galeseko Cardiffen,; eta Eskoziako Edinburghen eta Glasgown.
Hain zuzen ere, Heathrown (Europako aireportu guztiak kontuan izanik, hor egoten da zirkulaziorik handiena), 60 hegaldi geratu dira bertan behera; Stansteden irteera guztiek dituzte 30 minututik bi ordura arteko atzerapenak; eta Gatwicken irteeretako % 20k ordu batzuetako atzerapenak dituzte. Ryanair aire-konpainiak esan du zenbait hegalditan dituela atzerapenak eta balitekeela beste batzuk bertan behera geratzea; easyJetek, bere aldetik, nabarmendu du goizeko hegaldi gehienak aurreikusita bezala irten direla, baina beranduago irten behar diren beste batzuetan atzerapenak egon ahal direla.
Aire-zirkulazioko Nazio Zerbitzuak esan du teknikariak arazoa ahalik eta lasterren konpontzeko ari direla lan egiten eta zehaztu du segurtasunari dagokionez ez dagoela inolako oztoporik. Oraingoz, arazoa arratsaldeko lehen orduetara arte gutxienez egongo da indarrean.