Mundua -
Protestak Ukrainan
Europar Batasunak eta Errusiak Ukrainako krisia jorratuko dute bihar
Batasuneko 28 herrialdeetako Atzerri ministroek astelehenean Brusela izango duten bileran, Europar Batasunaren eta Errusiaren arteko harremana izango dute hizpide nagusi.
Erredakzioa
Ukrainako krisia eta Europar Batasunaren eta Errusiaren arteko harremanak izango dituzte hizpide nagusi, astelehen honetan Batasuneko 28 ministroek Bruselak egingo duten bileran.
Igande honetan ere agerian gelditu dira Ukrainaren eta Europar Batasunaren artean dauden iritzi ezberdintasunak, Europako Batzordeak Ukrainarekin atxikimendu akordioa lortzeko lanak bertan behera utzi ostean.
Giro honetan, Serguei Lavrov Errusiako Atzerri ministroa Bruselan izango da astelehenean, eta gainerako herrialdeetako kideekin elkartuko da.
Azken asteetan, Europar Batasunak Errusia gogor kritikatu du Moskuk Kieveko Gobernuari Europarekin akordiorik ez sinatzeko presioa egin diolakoan.
Ukrainako Gobernuak "laster" Europar Batasunarekin asoziazio hitzarmena sinatzeko asmoa duela berretsi du, akordio horrek lehendik jota dagoen ekonomiari kalterik egingo ez diola bermatzen badio. Akordioa gertu zegoela zirudienean, Yanukovichek bizkarra eman zion Europar Batasunari eta Errusiarekin lotura ekonomikoak mantentzearen alde agertu zen. Are gehiago, errusiarrekin harreman komertzialak berrezartzeko ituna sinatzekotan da Ukraina.
Erabaki horrek protesta oldea eragin zuen Ukrainan.
Moskuren jokabideak hainbat herrialderen haserrea eragin du, batez ere, iragan komunista duten Polonian, Lituanian eta Txekiar Errepublikan. Horiek jarrera irmoa izateko eskatu diote Bruselari. Bestalde, Alemaniak, Frantziak eta Erresuma Batuak zuhurtziaz jokatu nahi dute.
Ukrainarekin akordioa lortzeko lanak bertan behera utzi ditu Europak
Europar Batasunak eta Ukrainak asoziazio akordioa sinatzeko irekita dituzten harremanak bertan behera gelditu dira, Stefan Füle Europar Batasuneko Zabalkuntza komisarioak jakinarazi duenez. Halaber, "konpromiso garbia" eskatu dio Kieveko Gobernuari elkarrizketei berriz ere ekin aurretik.
"Sinatzeko konpromiso argia erakutsi beharko dute eztabaidatzen jarraitzeko. Akordioa lortzeko negoziazioak bertan behera gelditu dira, izan ere, ez dut erantzunik jaso", azaldu du Twitterreko kontuan argitaratutako txio batean.
Negoziazio ofizialak eten ondoren hasi ziren ezkutuko lanean, eta lan horiek ere geldirik izango dira Kievek bere asmoak zein diren argitzen dituen arte.
Europako komisarioa atsekabetuta agertu da Viktor Yanukovich Ukrainako presidentearen eta Gobernuaren jarrerak akordiotik geroz eta urrunago daudelako. Gaineratu duenez, Ukrainako ordezkaritzaren argudioak ez daude errealitatean oinarruta.
Fülek bere kezka azaldu zion ostegunean Serguei Arbuzov Ukrainako lehen ministroari, hark Bruselara egin zuen bisitan. Geroztik, Europar Batzordeko taldeek telefono bidezko harremana izan dute Kievekin.