Mundua -
Egipto
Anaia Musulmanen 450 presok gose greba hasi dute
Atxiloketaren baldintzak salatzeko hasi dute greba Anaia Musulmanen jarraitzaile eta kideek.
Erredakzioa
Egiptoko Tora espetxean dauden Anaia Musulmanen 450 jarraitzaile eta kide gose greban hasi dira euren atxiloketaren baldintzak salatzeko, Islam Tawfik elkarteko bozeramaileak ezagutzera eman duenez.
Espetxean bizi duten egoera eta bisitak jasotzen dituztenean ezarritako neurri berriak salatzeko hasi dute gose greba. “Kristal batez banatuta eta telefono bidez soilik hitz egin dezakete euren senitartekoekin. Giza eskubideen urraketa da hori”, salatu du Tawfikek.
“Espetxean duten egoera deitoragarria da, ziega bakoitzean preso asko dago eta higiene falta handia dago”, baieztatu du bozeramaileak.
"Greba honen bidez ez dute euren askatasuna eskatzen" adierazi du ordezkariak, “ez baitute euren atxiloketa agindu zuen Gobernua onartzen”. Joan den uztailaren 3an estatu golpea izan zen Egipton.
Segurtasun iturri batek Efe agentziari adierazi dionez, bisitetan presoak eta senitartekoak banatzen dituen kristalezko manpara “munduko herrialde guztietan dagoen neurri arrunta eta ohikoa da”.
Iturriak gaineratu du presoek euren askatasuna eskatzen dutela, “terrorismo ekintzak egin arren”. “Agintariak ez dira gose grebaren aurrean makurraraziko”, azpimarratu du.