Mundua -
Eraso fusilik onena egin zuen
Mijail Kalashnikov hil da, AK-47 fusilaren asmatzailea
Ingeniari errusiarrak 94 urte zituen eta munduko eraso fusilik onena egin zuen 1947an. Sobiet Batasunaren hainbat sari jaso zituen.
Erredakzioa
AK-47 eraso fusila asmatu zuen Mijail Kalashnikov ingeniari errusiarra hil da gaur. 94 urte zituela zendu da, Udmurtia errepublika errusiarreko Izhevsk hiriko ospitale batean, Viktor Chulkov Moskuko Gobernuko bozeramaileak aditzera eman duenez.
Sobiet Batasunaren domina ugari jaso zituen Kalashnikovek haren lanagatik: Errusiar Federazioko Heroia, Lanaren Bandera Gorriaren Ordena, Lehen Mailako Gerraren Ordena Patriotikoa eta Izar Gorriaren Ordena, besteak beste.
1947an diseinatu zuen AK-47 eraso fusila, eta munduko onena da bere mailan. Sobiet Batasunak Europa ekialdeko aliatu guztiei eman zizkien AK-47 fusilak, eta gero kontinente guztietara esportatu zituen.
Gaur egun, mundu mailan, modelo horretako 100 milioi unitate baino gehiago egin dira.