Mundua -
Ustezko eroskeria
Fernando de la Rua Argentinako presidente ohia absolbitu dute
2000. urtean lan erreforma polemiko bat onartzeko senatariak erosteko ordaintzea leporatzen zioten presidente ohiari, baina Argentinako auzitegi batek absolbitu egin du.
Erredakzioa
2000. urtean lan erreforma polemiko bat onartzeko senatariak erosteko ordaintzea leporatzen zioten Fernando de la Rua Argentinako presidente ohiari (1999-2001), baina auzitegi batek absolbitu egin du gaur.
Fiskaltzak sei urteko espetxe-zigorra eskatu zuen, funtzionario-eroskeria delitu baten egilekidea izatea egotzita.
Beste zazpi inputatuak absolbitu dituzte. Fiskaltzak zigor berdina eskatu zuen guztientzat.
Horrela, Fernando Santibañez Estatuko Inteligentzia Idazkaritzako (zerbitzu sekretua) zuzendaria eta Alberto Tell, Augusto Alasino eta Remo Constanzo senatari peronistak errugabetzat jo dituzte.
Era berean, Ricardo Branda PJ alderdiko senatari ohia, Alberto Flamarique Lan ministro ohia eta Mario Pontaquarto idazkari parlamentario ohia absolbitu dituzte.
Epaiketa 2012ko abuztuaren 14an hasi zen. Azken diktaduraren (1976-1983) ostean agintari demokratiko baten aurkako bigarren epaiketa izan da. Iragan ekainean Carlos Menem (1989-1999) Argentinako presidente ohiari zazpi urteko espetxe-zigorra ezarri zioten Kroaziari eta Ekuadorri armak legez kanpo saltzeagatik. Hala ere, senataria denez ez dute kartzelan sartuko.