Mundua -
Israel-Palestina
Israelek 26 preso palestinar askatuko ditu astelehenean
Datozen orduetan aske geldituko diren presoek 1993ko Osloko bake akordioa baino lehen egin zituzten delituak, ohar ofizialaren arabera.
Erredakzioa
Israelgo Gobernuak astelehen honetan aske geldituko diren 26 preso palestinarren zerrenda onartu zuen larunbatean, uztailean bake negoziazioetan adostu bezala.
Bake negoziazioak hasi aurretik adostutako akordioaren arabera, Israel 104 preso palestinar aske uztera konprometitu zen. Orain arte, Israelen zigorra betetzen ari diren 26ko bi preso talde aske utzi dituzte eta hirugarren fasean beste 26 askatuko dituzte.
Ziurrenera astelehen gauean aske geldituko diren presoen zerrenda argitaratu du Israelgo espetxe zerbitzuak. Aske geldituko diren preso horiek 1993ko Osloko bake akordioa baino lehen egin zituzten delituak.
Israel eta Palestinaren arteko bake negoziazioetan bitartekari lanak egiten ari den John Kerry AEBetako Estatu idazkaria datorren astean Jerusalenera eta Ramalara joango da Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroarekin eta Mahmud Abbas Palestinako presidentearekin hitz egiteko.