Mundua -

Larrialdi elektriko egoera

Argi mozketei irtenbidea emateko lanean ari dira Buenos Airesen

Azken 40 urteotako beroaldirik gogorrena ari dira jasaten eta beroak elektrizitate hornikuntza kaltetu du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Argentinako hiriburuan, Buenos Airesen, larrialdi elektriko egoera ezarri zuten atzo, eta argi mozketei irtenbidea emateko lanean ari dira Buenos Aireseko eta Argentinako Gobernuko agintariak.

Azken 40 urteotako beroaldirik gogorrena ari dira jasaten, eta dagoeneko hiru lagun hil dira. Halaber, beroak elektrizitate hornikuntza kaltetu du eta milaka lagun ur eta argi hornidurarik gabe daude.

Presazko bilera bat egin dute gaur eta beroak gehien eragiten dien giza taldeei, haurrei eta adinekoei, mediku laguntza eskaintzea eta argirik gabe dauden etxebizitzetako bizilagunei etxetik ateratzen errazteko laguntza ematea adostu dute.

Buenos Aireseko Udalak kiroldegietako ateak ireki ditu kaltedunek dutxa bat hartzeko eta ur freskoa edateko aukera izan dezaten. Bestalde, laguntzarik gabe etxetik irten ezin duten adinekoei eta gaixoei laguntzen ari dira suhiltzaileak.

Egoeraz nazkatuta, herritarrek eta merkatariek protestak hasi dituzte kaleetan konponbide eske.

Argi mozketek kaltetutako pertsonen inguruko datu ofizialik ez badago ere, Clarin egunkariak elektrizitate konpainien iturriak aipatuz argitaratu duen informazioaren arabera, 800.000 kaltetu baino gehiago daude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea