Mundua -
Defentsa ministerioa
Greziako goi kargudun batek eskupekoetan jasotako 7 milioi itzuli ditu
Antonis Kantas eskupekoak jaso izana onartu duen lehenengo goi kargudun greziarra da. Kantasek Alemaniako, Frantziako, Errusiako, Brasilgo eta Suediako zenbait armategiren diru-sariak jaso zituen.
Erredakzioa
Antonis Kantas Greziako Defentsa Ministerioko goi kargudun ohi batek onartu egin du eskupekoak jaso zituela Gobernuan izan zenean, eta zazpi milioi euro itzuli dizkio Estatuari, Finantza Ministerio greziarrak zabaldu duenez.
Kantas Defentsa Ministerioko Armategiko zuzendariordea izan zen 1997 eta 2oo2 urte bitartean, eta abendu honetan atxilotu dute epaileek Singapurreko banku batean 13,7 milioi euro zituela ezagutu eta gero.
Antonis Kantas eskupekoak jaso izana onartu duen lehenengo goi kargudun greziarra da. Kantasek Alemaniako, Frantziako, Errusiako, Brasilgo eta Suediako zenbait armategiren diru-sariak jaso zituen. "Gure eskuan dagoen guztia egiten ari gara falta den dirua datozen egunetan itzultzeko", esan dute bere abokatuek ohar baten bidez.
Kantasek epaileen aurrean egindako testigantzaren ondoren (dirua eman zuten enpresaburuen izenak ere ezagutarazi ditu), bi pertsonari akusazio ofizialak egin zaizkie, eta auzitegietan izan beharko dira datozen egunetan.
Dimitris Papachristos (78 urte) da akusazio horren ondorioz astelehenean atxilotuetako bat. Bere abokatuak esan duenez, Papachristosek ikertzaileekin kolaboratuko du, baina osasun arazo larriak omen ditu, amnesia arazoak ere bai.