Mundua -

Olinpiar Jokoak Errusian

Manifestazioak eta mitinak debekatu ditu Putinek Jokoen egoitzan

Pasatu den abenduaren 29an eta 30ean 34 pertsona hil ostean, Neguko Olinpiar Jokoetan Errusiak segurtasuna bermatzeko izango duen gaitasuna kolokan gelditu da.

Vladimir Putin Errusiako presidentea. EFE
Vladimir Putin Errusiako presidentea. EFE
Vladimir Putin Errusiako presidentea. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Vladimir Putin presidente errusiarrak lege-dekretu bat sinatu du, Neguko Olinpiar Jokoen egoitza den Sochi hirian eta inguruetan baimendu gabeko manifestazioak eta mitinak debekatzeko.

Kremlineko buruak Olinpiar Jokoetarako onartutako segurtasun neurri berezien inguruko dekretua aldatu du horrela. Pasatu den astean Volgogradon izandako eraso suiziden ostean iritsi da aldaketa, otsailaren 7tik martxoaren 21era Jokoak ospatuko diren zonaldetik gertu baitago.

Abenduaren 29an eta 30ean 34 pertsona hil ziren, eta horrek Neguko Olinpiar Jokoetan Errusiak segurtasuna bermatzeko izango duen gaitasuna kolokan utzi du.

Segurtasuna izan da hasieratik Errusiak antolatuko dituen lehenengo Neguko Jokoen oztopo nagusia. Kirolaren festa horri esker, herrialde serio, egonkor eta seguruaren itxura eman nahi zuen Errusiak.

Uztailean, Doku Umarov gerrilla kaukasiarreko buruak Jokoak bertan behera uzteko mehatxua egin zuen, haren ustez, "gure arbasoen hezurren gainean dantza satanikoak" baitira. "Muyahidinak garen aldetik, Alak uzten digun baliabide oro erabiliko dugu hori ekiditeko", adierazi zuen hainbatetan hiltzat jo den Umarovek bideo batean.

2009an prestatu zituzten Sochirako segurtasun neurriak. Jokoetako ordena bermatzeaz 42.000 polizia eta Segurtasun saileko 10.000 langile arduratuko zirela adostu zuten, eta Larrialdi Egoeretako saileko 23.000 pertsona kirol-instalazioak eta pistak zaintzen arituko zirela.

Terrorismoaren aurkako legeak gogortu ostean, azaroan, Putinek errusiarrei ere baldintzak estutu zizkien. Izan ere, otsailaren 7tik martxoaren 21era bitartean, Sochira bidaiatzen duten errusiarrek iritsi eta hiru egunetara erregistratu egin beharko dute tokiko agintarien aurrean. Orain arte, 30 eguneko epea zuten erregistroan sartzeko.

Atzerritarrei dagokienez, hirira iritsi eta hurrengo egunean –orain arte zazpi egun zituzten-, agintariei jakinarazi beharko diete non hartuko duten ostatua eta zenbat egun igaroko dituzten bertan.

Atentatuak aurreikusi eta ekiditeko, errepidez ezingo da Sochira sartu, debekatu egin baitute. Gainera, hirikoak ez diren langile errusiar guztiak euren bizilekuetara bidaliko dituzte Jokoak hasi baino aste batzuk lehenago.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Errusia berriak Vladímir Putin bideoak Neguko Olinpiar Jokoak albisteak