Mundua -

Istripua

Merkelek pelbisa hautsi du eskiatzen ari zela

Hurrengo hiru asteetarako aurreikusita zituen ekitaldiak bertan behera utzi behar izan ditu Alemaniako kantzilerrak.

Angela Merkel. Argazkia: EFE
Angela Merkel. Argazkia: EFE
Angela Merkel. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak istripua izan zuen iragan astean, eskiatzen ari zela. Hain zuzen ere, Suitzan iraupen eskia praktikatzen zegoela pelbisa hautsi zuen Merkelek. Hori dela eta, hurrengo hiru asteetako hitzordu gehienak bertan behera utzi behar izan ditu.

Steffen Seibert Gobernuko bozeramaileak gaur emandako prentsaurrekoan adierazi duenez, "kontusio larria dauka pelbisaren atzealdean, ezkerreko aldean".

Dirudienez, istripua duela egun batzuk izan zen, Engadinako haranean, Saint Moritzetik gertu. Hasiera batean, kolpe bat baino ez zela pentsatu zuen, baina ostiralean Berlinera itzuli zenean, sendagilearengana jotzea erabaki zuen.

Pelbisa hautsita zuela jakin ostean, Gabonetako oporrak bukatutakoan egin behar zituen zenbait bidaia bertan behera uztea erabaki zuen. Asteazkenean adibidez, Poloniara joatekoa zen, eta ostegunean Xavier Bettel Luxenburgoko lehen ministroarekin elkartu behar zen.

Dena den, badirudi asteazkenean egingo duten Ministroen Kontseilua zuzenduko duela, hitz egiteko gai dela, eta beraz, etxetik lanean jarraituko duela nabarmendu baitu Seibert Gobernuko bozeramaileak.

Hala eta guztiz ere, sendagileak aginduta, hiru astez atsedena hartu beharko du Merkelek, eta badirudi oinez egiteko laguntza beharko duela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea