Mundua -
Venezuela
5 atxilotu, 2004ko miss Venezuelaren eta senarraren hilketa dela eta
Bost pertsona horietatik bost adingabeak dira. Miss Venezuela ohiak eta haren senarrak lapurreta egin nahi zieten pertsona batzuei aurre egin zieten, Venezuelako zenbait hedabide pribaturen arabera.
Erredakzioa
Venezuelako Poliziako agintariek iragarri dutenez, bost pertsona "behin-behinekoz atxilotu dituzte", Monica Spear venezuelar aktore eta modeloaren eta Thomas Berry haren senarraren hilketan parte hartu ote zuten aztertzen duten bitartean. Astelehenean hil zuten bikotea, Puerto Cabello-Valencia autobidean.
Jose Gregorio Sierralta Ikerketa Zientifiko, Penal eta Kriminalistetako Taldearen zuzendariak informazio hori baieztatu du, eta bere agintepeko agenteak gertakariaren egileak "identifikatu, aurkitu eta atxilotzeko" asmoz lanean ari direla adierazi du.
El Nacional egunkari venezuelarrak iragarri duenez, segurtasun indarrek atxilo hartutako bost pertsonetatik bi adingabeak dira. 2004ko miss Venezuela eta haren senarra, irlandar jatorrikoa, AEBn bizi ziren, eta oporretan zeuden Venezuelan, tiroketan zauritu zen bost urteko alabarekin batera.
Sierraltak kasuari "erantzukizunez eta etika profesionalez" heltzeko eskatu die kazetariei, "Gobernuari erasotzeko" asmoz auzia "zirku politiko" ez bihurtzeko. "Argi eta garbi dago Exekutiboa segurtasun nazionalaren arloan egiten ari den ahalegina", erantsi du.