Mundua -
Bide orria
Tunisiako lehen ministroak eta Gobernuak dimisioa eman dute
Ali Laridik eta bere Gobernuak dimisioa aurkeztu diote Monsef Marzuki presidenteari, urrian Gobernuak eta oposizioak adostu zuten "bide orrian agertzen den moduan".
Erredakzioa
Ali Laridi Tunisiako lehen ministroak eta Gobernu osoak dimisioa aurkeztu diote Monsef Marzuki presidenteari, krisitik ateratzeko asmoz Gobernuak eta oposizioak urrian adostu zuten "bide orrian agertzen den moduan".
"Aspaldi hitz eman nuen herrialdearen etorkizunaz berme argia zegoenean azken 10 hilabeteotan zuzendu dudan Gobernuaren dimisioa aurkeztuko nuela", adierazi du Laridik prentsaurreko batean.
Urriaren 5ean Gobernuak eta oposizioak adostutako "bide orria"ren arabera, lehen ministro berriak, Mehdi Yumaa Industria ministroak, bi aste izango ditu gaurtik aurrera teknokratez eta independenteez osatutako Gobernua osatzeko.
Al Nahda alderdi islamiarrak zuzendutako gobernu koalizioak eta oposizioak Gobernuko presidente berria aukeratzeko eta Konstituzio berria idazteko konpromisoa hartu zuten, hauteskunde presidentzialak eta legegileak egin aurretik.
Era berean, iragan ostiralean hasi ziren Konstituzio berrirako proiektuaren artikuluak banan-banan bozkatzen, eta datorren asterako amaitu nahi dute.