Mundua -

Indarkeria Iraken

Bederatzi pertsona hil eta 25 zauritu dira Bagdaden, bi atentatutan

Bi bonba-autok hainbat hildako eta kalte material ugari eragin dituzte Irakeko hiriburuan.

Pasatu den astean izandako atentatu baten artxiboko irudia.
Pasatu den astean izandako atentatu baten artxiboko irudia.
Pasatu den astean izandako atentatu baten artxiboko irudia.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez bederatzi pertsona hil eta hogeita bost inguru zauritu dira gaur, igandea, Bagdaden bonba-autoz egindako bi atentatutan. Erasoetako bat autobus geltoki batean izan da, Ejertzitoaren errekrutatze zentro batetik hurbil.

Poliziaren iturrien arabera, bi autoetako batek Irak iparraldeko alauien zonaldera –xiismoaren adar bat-  joaten diren autobusen eta trenen geltoki batean egin du eztanda.

Horren ondorioz, bost pertsona hil eta hamaika zauritu dira, eta zenbait auto suntsitu eta suak hartu ditu. Al Muthanako aireportutik gertu jazo da erasoa. Zonalde berean, pasatu den ostegunean, gizonezko batek leherkariz betetako gerriko bat leherrarazi zuen, eta 22 hildako eta 25 zauritu eragin zituen.

Bigarren bonba-auto erasoa gehiengo xiia duen Kadhimiya distrituko Aden plazatik gertu jazo da, Bagdad iparraldean. Atentatu horretan, lau pertsona hil eta hamalau zauritu dira.

Herrialdearen beste hainbat puntutan ere izan dira erasoak. Bagdad ipar-ekialdeko Diyala eskualdean, zibil bat hil eta lau zauritu dira, bonba bat lehertuta. Gainera, tokiko kazetari bat eta gidari bat larri zauritu dira, Mosulgo Unibertsitatean, Bagdadetik 400 kilometrora, euren autoan jarri duten lapa-bonba batek eztanda egin ostean.

Irakeko prentsa sindikatuak erasoa kondenatu du, eta Ninive eskualdeko agintariei kazetariak "lotzeko" saiakerak ikertzeko eskatu die: "Gertatu denak erakusten du askok ez dakitela hedabideek zer-nolako papera jokatzen duten Iraken eraikuntzan eta berreraikuntzan, eta oihaneko lengoaia inposatzen saiatzen dira, elkarrizketaren eta demokraziaren ordez".

Iraken indarkeria sektarioa eta atentatu terroristak gero eta ohikoagoak dira. NBEren arabera, 2013an 8.868 pertsona hil ziren Iraken erasoetan; horietatik 7.818 zibilak ziren.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea