Mundua -
Programa nuklearra
Iranen programa nuklearraren akordioa, igandetik aurrera indarrean
Hilaren 20tik aurrera, Nazioarteak Teheranen kontrako zigor ekonomikoak arinduko ditu.
Erredakzioa
Iranek eta 5+1 taldeak programa nuklearrari buruz azaroan lorturiko akordioa urtarrilaren 20an sartuko da indarrean. Hala baieztatu du igande honetan Catherine Ashton Europar Batasuneko diplomazia buruak.
Hilaren 20tik aurrera Nazioarteak Iranen kontrako zigor ekonomikoak arinduko ditu Teheranek hainbat baldintza betetzearen truke, hala nola, uranioa % 5a baino gehiago ez aberastea, muga horren gainetik gordeta daukan guztia deuseztea eta nazioarteko ikuskariek egunero sarbidea izatea.
Barack Obama AEBetako presidenteak pozik hartu du albistea, baina oraindik ere lan asko egiteke dagoela ohartarazi du, eta Iranek adostutakoa bete ezean berriz ere zigortua izango dela gaineratu du.
Bestalde, John Kerry AEBetako Estatu idazkariaren esanetan, "pauso garrantzitsua da", baina orain hasiko dituzten epe luzerako akordioa lortzeko negoziazioak zailagoak izango direla gaineratu du.