Mundua -
Atentatua Afganistanen
NDFeko ordezkaria eta Nazio Batuetako hiru langile hil dira Kabulen
Jatetxe batean izan den atentatu suizida batek gutxienez hamalau pertsona hil ditu, bi erakundeek adierazi dutenez.
Erredakzioa
Wabel Abdala Nazioarteko Diru Funtseko Afganistango ordezkaria eta Nazio Batuen Erakundeko hiru funtzionario hil dira Kabul erdialdean, jatetxe batean izandako eraso suizida batean.
Bi erakundeek adierazpen bat argitaratu dute Afganistango hiriburuko atentatuaren ostean. Guztira, gutxienez hamalau pertsona hil eta lau zauritu dira.
"Zoritxarreko albistea da, eta NDFen guztiok atsekabetuta gaude. Gure bihotzak Wabelen familiarekin eta lagunekin daude, baita erasoaren biktima izan direnen senideekin ere", adierazi du Christine Lagarde Nazioarteko Diru Funtseko zuzendariak.
NDFeko ordezkariaz gain, Nazio Batuen Erakundeko hiru funtzionario hil dira. Erakunde horrek zibilen aurkako erasoak salatu zituen duela gutxi, "onartezinak" direlako: "arlo humanitarioan, nazioarteko lege guztiak hausten ditu modu nabarmenean".
"Erasoek amaitu egin behar dute", salatu du Ban Ki-moon NBEko idazkari orokorraren bozeramaile batek. "Idazkariak hil direnen familia eta lagunei doluminak igorri nahi dizkie, eta zaurituak azkar osatu daitezen espero du", gehitu du.
Mohamed Zahir Kabulgo Polizia buruak adierazi duenez, hiru terroristak parte hartu dute atentatuan. Horietako baten leherkariek eztanda egin dute, beste biak segurtasun indarrek gelditu baitituzte.
Zenbait lekukoren arabera, eztandaren ostean, tiro hotsak entzun dira inguruan, eta segurtasun indarrek sokaz hesitu dute atentatua jazo den zonaldea. Gainera, helikoptero militarrek zerutik zaintzen dute hiria.
Atentatuaren gaitzespenak
Catherine Ashton Europar Batasuneko goi ordezkariak Kabulgo atentatuan Eupol Afganistango Polizia Misio Europarrarekin lotura zuten bi pertsona hil direla adierazi du.
Ashtonek "posible den kondiziorik gogorrenean" kondenatu du "justifikaziorik gabeko indarkeria" ekintza hori, eta eraso egin dutenak "Justiziaren aurrera" eraman behar direla esan du.
Dena dela, goi ordezkariak adierazi du EBk "Afganistango herria babesten" jarraituko duela.
Bestalde, Anders Fogh Rasmussen NATOko idazkari orokorrak ere eraso suizida gaitzetsi du, eta "Afganistango jendeari lagunduz, etorkizun hobe bat eraikitzen duten nazioarteko langileak" izan ditu gogoan.
"Ezin dira justifikatu terrorismo eta suntsipen ekintza horiek", gehitu du Rasmussenek.