Mundua -
Gertakaria
20 milioi hegokorearri kreditu-txartelen datuak lapurtu dizkiete
Atxilotuta dagoen kontratista batek egin du. Polemika handia sortu da Hego Korean, gertaera dela eta.
Erredakzioa
Dagoeneko atxilotu duten kontratista batek kreditu-txartelen eta gizarte-segurantzako datuak lapurtu eta kopiatu dizkie 20 milioi hegokorearri, gero saltzeko. Gertaerak polemika handia sortu du Hego Korean (izan ere, biztanleen ia erdiari eragin dio), eta kreditu-txartelen enpresa eta banketxe batzuetako zuzendariek dimisioa eman dute.
Kontratista atxilotu ostean jakin dute zenbaterainokoa izan den lapurreta, eta datuak erosi dituzten enpresetako zuzendariak ere atxilotu dituzte. Lapurrak Korea Credit Bureau enpresan egiten zuen lan, Hego Korean kreditu-txartelak ematen dituzten hiru konpainia handiren datuetarako sarbidea duen enpresan, eta USB batean kopiatu zuen informazioa. Orain, hiru konpainia horien (KB Kookmin Card, Lotte Card eta NH Nonghyup Card) segurtasun neurriak ari dira ikertzen, bezeroek beste arriskurik ez dutela baieztatzeko.
Konpainiek galerak babestuko dituzte
FSC Finantza Zerbitzuen Bartzordeak, Hego Koreako finantzak arautzen dituen erakundeak, bezeroek izan dituzten galerei konpainia horiek egingo dietela aurre adierazi du. Batzorde horretatik esan dutenez, erraza zen datuak lapurtzea, enkriptatu gabe zeudelako. FSCren arabera, hiru enpresa horiek ikerketaren berri izan dutenean jakin dute zer gertatu den, ez lehenago.
Milaka lagunek erreklamazioak aurkeztu dituzte, eta milioi bat herritarrek kreditu-txartel berriak eskatu dituzte, Chosun egunkariaren esanetan.