Mundua -
Volgogradeko atentatuen ostean
Sotxin eraso terroristak egon litezkeela ohartarazi du Ingalaterrak
Neguko Olinpiar Jokoak datorren astean hasiko direla eta, agintari britainiarrek Errusian atentatuak egon litezkeela uste dute.
Erredakzioa
Britainia Handiak ohartarazi duenez, "oso litekeena da" Errusian, Neguko Olinpiar Jokoetan, atentatu terroristak izatea, BBC telebista kate britainiarraren arabera. Jokoak datorren astean hasiko dira, Sotxi hirian.
BBCk agintari britainiarrek egindako txosten baten berri izan ondoren zabaldu duenez, Imarat Kavkaz (IK) Kaukasoko taldea da mehatxurik handiena.
Telebista katearen arabera, Emir Doku Umaroc IK alderdiko buruak (ihes eginda dago) Errusiako Jokoetan ahalik eta gehien eragiteko eskatu zien bere jarraitzaileei, 2013ko uztailean.
Abenduan Volgograden bi atentatu egin ostean ezagutu ziren Dokuren adierazpenok. 34 pertsona hil ziren atentatuotan.
Aipatutako txostenaren arabera, baina, zaila izango da Sotxin atentatuak egitea, Errusiak 37.000 soldadu inguru bidaliko baititu bertara (otsailaren 7tik 23ra) Jokoak zaintzera.