Mundua -

Erreferenduma Suitzan

Suitzak Batasuneko langileen sarrera mugatzea deitoratu du Bruselak

"Masa migrazioaren kontra" izeneko ekimena babestu dute suitzarren % 50,4ek, igande honetan Europa erdialdeko herrialdean egin den erreferendumean.

Argazkia: EiTB
Argazkia: EiTB
Europar Batasuna kezkatuta Suitzako errefendumaren emaitzarekin

1:17

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Suitzak Europar Batasuneko langileen sarrera mugatzea deitoratu du Europako Batzordeak. Erreferendum bidez, Europar Batasuneko herritarrei mugak jartzea erabaki dute suitzarrek eta orain Suitzako Gobernuak urteko kuotak berrezarri beharko ditu. Urteko kuota ezarriko du Gobernuak eta hortik gora ez da lanerako Europar Batasuneko langilerik onartuko.

Pertsonen zirkulazio librearen kontrako neurria dela salatu du Bruselak, eta erabaki horrek Suitzarekin dituen harremanetan duen eragina aztertuko duela gaineratu du.

Europar Batasuneko herrialdeetatik Suitzara doazen langileen kopurua mugatzea erabaki dute suitzarrek, igande honetan Europa erdialdeko herrialdean egin den erreferendumean. Hala, hemendik hiru urtera, urteko kuotak ezarriko dituzte berriz.

Erreferendumeko emaitza ofizialen arabera, "Masa migrazioaren kontra" izeneko ekimena babestu dute suitzarren % 50,4ek (1.463.954 boto). Parte-hartzea % 56,5ekoa izan da.

UDC eskuin muturreko alderdiak proposatuta, aurrerantzean Suitzako langileek lehentasuna izango dute atzerritarren aurrean. Lege hori indargabetu egin zuten eta ez zien eragiten orain arte Europar Batasuneko langileei.

Orain ezinbestean Suitzak eta Europar Batasunak aldebiko akordioa berriz negoziatu beharko dute, tartean dago pertsonen zirkulazio librea arautzen duen legea, 2002an indarrean sartu zena eta bi urte lehenago herritarrek erreferendum bitartez onartu zutena.

Bruselak nola erreakzionatzen duen ikusi beharko da orain, izan ere, litekeena da Europar Batasunak Suitzarekin sinatuta duen akordio pakete guztia berriz negoziatu nahi izatea. Hori hala balitz, eragina izango luke migrazioan ez ezik, baita ekonomian, merkataritzan eta politikan ere.

Pertsonen zirkulazio librea arautzen duen ituna, akordio pakete bateko parte da, eta horietako bat baliorik gabe gelditzen bada guztiak iraungitzen dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea