Mundua -
Bilera sorta
Bi Koreek goi-mailako elkarrizketak izango dituzte gaur
Koreako Gudaren (1950-1953) ondorioz banandutako familiek arazorik gabe biltzea nola bermatuko duten aztertuko dute bi herrialdeek.
Erredakzioa
Koreako Errepublikak (Hego Korea) eta Koreako Herri Errepublika Demokratikoak (Ipar Korea) goi-mailako elkarrizketak abiatuko dituzte hilaren 20an, Hego Koreako funtzionario batek Yonhap agentziari jakinarazi dionez. Azkenaldian bi herrialdeen arteko harremanak hobetu izanaren ondorio dira aipatu elkarrizketak.
Bilera Panmunjom Ipar eta Hego Korearen arteko mugako herrian egingo dute, atzo Bateratze Ministerioak iragarritakoaren arabera. Batzarra egiteko data Ipar Koreak bi herrialdeen barneko gaien inguruko elkarrizketak hasteko proposamena egin eta hiru egunera zehaztu dutela azpimarratu dute Ministeriotik.
Bi herrialdeek Koreako Gerraren ondorioz (1950-1953) banandutako familiek arazorik gabe biltzea nola bermatu aztertuko dute bertan, eta aldizka batzarrak egitearen inguruan mintzatuko dira, bilerak gai-zerrenda zehatzik izango ez duen arren.
Ipar Koreako eta Hego Koreako Gobernuak banandutako familiak berriro elkartzeko bilera sorta bat prestatzen ari direnean abiatuko dira elkarrizketa horiek. Bilera hauek Kumgangeko mendietan izango dira, Ipar Koreako opor-gunean, eta otsailaren 20tik 25era egitea adostu dute Seulek eta Piongiangek.
Hain zuzen ere, topaketa horiek prestatzeko, Hego Koreako bost funtzionariok Ipar Koreara bisita egin zuten asteartean, elurte batek bilerak egingo diren esparrua gogor astindu ostean, egoera aztertzeko. Kumgangeko mendialdean elurra kentzeko bederatzi makina lanean daude, bi metroko elur-geruza pilatu baita.
"Batzarrak arazorik gabe egitea bermatzeko, ahal dugun guztia egingo dugu", adierazi du bileraz arduratzen den Hego Koreako funtzionarioak.
Korea biek dozena bat bilera-sorta baino gehiago egin dituzte 2000an Hego Koreako orduko presidenteak (Kim Dae Jung) eta Ipar Koreako buruzagi ohiak (Kim Jong II.a) goi-bilera historikoa egin zutenetik.
Guztira, gerraren ondorioz banandutako 21.700 pertsona baino gehiago euren senideekin bildu ahal izan dira.