Mundua -
Ebakuazioa Sirian
2.500 pertsonek premiazko ebakuazioa behar dute Homsen
Melissa Fleming Nazio Batuen Errefuxiatu Agentziaren bozeramailearen arabera, 4.000 pertsona inguru daude, 18 hilabetez, erregimenak setiatuta.
Erredakzioa
2.500 pertsonek Homsetik premiazko ebakuazioa behar dute laguntza humanitarioa jasotzeko, Melissa Fleming, Nazio Batuen Errefuxiatu Agentziaren bozeramaileak baieztatu duenez.
"Homsetik atera diren 1.400 pertsonen eskutik jaso dugu informazioa", adierazi du Flemingek, Genevan egindako prentsaurrekoan.
Flemingek gaineratu duenez, 4.000 pertsona inguru daude, 18 hilabetez, erregimenak setiatuta. "Hurrengo egunetan ebakuazio operazioa jarraitzea espero dugu, oso beharrezkoa baita", adierazi du.
Homseko agintariek, NBErekin batera, ostegunean erabaki zuten hirian goizaldeko su-etena larunbat honetara arte mantentzea. Su-etena pasa den ostiralean deklaratu zen arren, zibilen ebakuazioa eta laguntza humanitarioa ez zen igandera arte heldu.
Flemingek argitu duenez, igandetik, agintariak hiritik ebakuatu zituzten 381 pertsona eskola batean izan dituzte; haietatik 13 ospitaleratu egin dituzte. Ostegunean ordea, 170 gizon aske utzi zituzten.
Bozeramaileak esandakoaren arabera, atxilotutakoren bat bere senideak ikusi ahal izan du. Oraindik, 31 gizona euren emazte eta seme-alaben bisita jasotzeko baimenaren zain daude.
Atxilotuen artean 15 eta 18 urte bitarteko adin txikikoak egotearen kezka azaldu du NBEk.
Marixie Mercado, Haurren Laguntzarako Nazio Batuen Funtsaren bozeramailearen arabera, 14 adin txikikok atxikita jarraitzen dute, nahiz eta operazioen hasieratik 18 gazte aske utzi dituzten.
Siriako erregimena: "Irainak eta terrorismoaren babesa bakarrik entzun dugu"
"Irainak eta terrorismoaren babesa bakarrik entzun dugu", azaldu du Faisal Makdad Siriako Kanpo Gaietako ministrordeak ostiral honetan, oposizioaren aldetik Siriako bake negoziazioen bigarren bilera-sortan jaso duten proposamenari buruz.
"Bilera-sorta honetan aurrerapenik ez egon izana guztitz deitoratzen dugu", azaldu du Makdadek prentsaurreko batean.
Siriako arduraduna kexu da oposizioaren ordezkaritza Suitzara "agenda ezberdin batekin" joan izanarekin. "Agenda hori ez da errealista, eta puntu bakarra du, Genevako komunikatua era selektiboan aterata, trantsizio-gobernua osatzea", gaineratu du.