Mundua -

Iruzkina

Mugak eta hesiak

Estatua, legea, polizia, agintariak… sarri gutxietsi egiten ditugu, baina horiek ez daudenean, estaturik ez dagoenean, taldea eta tribua besterik ez da geratzen.

Juanjo Sanmiguel

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frantzia baino handiagoa den herrialdean 4 milioi eta erdi pertsona bizi dira, 80 etniatan banatuta, eta bakoitzak bere hizkuntza, bere ohiturak eta bere historia ditu, sarri batzuek besteen aurka egindako historia. Orain dela 54 urte baten batzuei otu zitzaien horiek guztiek lurralde berean estatua osatu behar zutela, mapa baten gainean marrak egin eta erabaki zuten Bangi hiria hiriburu izango zela. Harrezkero, estatu-kolpeak, indarkeria, sarraskiak… gorrotoak gorrotoa sortzen gaur arte.

Afrika Erdiko Errepublikan biztanle gehienak (% 70) oso pobreak dira, dolar bat baino gutxiago dute egunean bizitzeko, eta bizi-itxaropena munduko txikienetakoa dute (48 urte). Ez dago eskolarik, ezta ospitalerik ere, eta iazko martxoan azken estatu-kolpea eman zutenetik, ez dago estaturik. Jendeak ez daki nora jo babes bila. Estatua, legea, polizia, agintariak… sarri gutxietsi ditugu, baina horiek ez daudenean, estaturik ez dagoenean, taldea eta tribua besterik ez da geratzen. Ez dago tresnarik, ez dago baliabiderik jarrerak hurbildu eta akordioak lortzeko. Indarra geratzen da, tribuak eman lezakeen babesa, eta etsaiari gorrotoa, nork bere burua babesteko.

Azken egun hauetan, aspaldiko partez, Afrika Erdiko Errepublika komunikabideetan azaldu da, batez ere, Frantziak bertara soldaduak bidaltzea erabaki duelako, nazioartearen oniritzia eta Nazio Batuen baimena lortuta. Giza eskubideak eta demokrazia babestera doazela diote, baina azken 54 urteotan demokraziaren aztarnarik ez da izan itsasorik ez duen estatu honetan. Al-Qaidari beldurra, Afrikako zenbait lekutan eragina galtzeko arriskua eta interes materialen defentsa izan litezke erabaki hori hartzeko benetako arrazoiak; bestela ez da ulertzen Frantziak nola utzi zuen Jean-Bédel Bokassa militarrak bere burua Afrika Erdiko enperadore izendatzea, bertako aberastasunak xahutu eta giza eskubideak zapaltzea zabaldu izana eta agintean 15 urte egitea.

Afrika erdialdean ez dago herrialderik, ez dago estaturik, jendea ikusten ez dituen egituren parte dela ohartu gabe bizi da. Kolonizazioa amaitu beharra zegoela erabaki zuenean, Mendebaldeak mugak marraztu zituen mapa baten gainean. Orain muga horien barruan erabaki haien ondorioak pairatzen ari dira afrikarrak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea