Mundua -
Hauteskunde legegileak
Santosen koalizioak irabazi ditu hauteskundeak Kolonbian
Presidenteak adierazi duenez, bakea lortzeko borondatearen garaipena izan da. Koalizio ofizialistak Senatuko 102 eserlekuetako 47 eta Ordezkarien Ganberako 166etako 91 eskuratu ditu.
Erredakzioa
U Alderdiak, Alderdi Liberalak eta Cambio Radicalek osatzen duten koalizioak Senatuko 102 eserlekuetako 47 eta Ordezkarien Ganberako 166etako 91 eskuratu ditu; beraz, ofizialistek gehiengoa lortu dute Kongresuan, Alvaro Uriberen Zentro Demokratikoaren gainetik.
Juan Manuel Santos Kolonbiako presidenteak emaitzen berri izan ostean adierazi duenez, bakea lortzeko borondatearen garaipena da.
"Nire ustez garrantzitsuena da egun handia izan dela 'bakearen koalizioa'rentzat. Gaur berretsi egin da koalizioaren gehiengoa Kongresuan, baina mezua herriari eta mundu osoari zabaldu zaio: kolonbiarren gehiengoak bakea nahi dugu", azaldu du Santosek, gustura.
Emaitza horiek eskuartean, hala ere, Gobernua eusten duen koalizioak senatari kontserbadore "santisten" babesa beharko du, edo ezkertiarrekin itunak egin beharko ditu, gehiengoak osatzeko eta FARCekin 2012tik martxan diren bake negoziazioetan egindako akordioak onartzeko.
Presidenteak, maiatzaren 25eko hauteskundeetan presidentegai izango denak, azpimarratu du garrantzitsua dela "gobernatzen jarraitzea eta gehiengoari eustea", bere proiektu politikoa "herrialdea erreformatzen jarraitzea" delako.