Mundua -
Harlem auzoan
6 hildako New Yorken, leherketa baten ostean 2 eraikin behera etorrita
74 pertsona artatu behar izan dituzte, eta 9 oraindik desagertuta daude. Hiriko alkateak baieztatu duenez, gas isuri batek eragin du eztanda.
Erredakzioa
Sei lagun hil dira asteazken honetan Manhattaneko iparraldean, AEBn, leherketa baten ondorioz bi eraikin goitik behera erori ostean. Halaber, 74 pertsona artatu behar izan dituzte larrialdi zerbitzuek. Bost pertsona larri daude, eta 15ek zauri arinak ditzute, agintariek emandako datuen arabera. 9 lagun oraindik desagertuta daude.
Bill de Blasio New Yorkeko alkateak azaldu duenez, gas isuri batek eragin du eztanda. Ondoren behera etorri dira bi eraikinak. Leherketa 09:30ean izan da (14:30 GMT), Harlem Ekialdeko 116 kalean, Park Avenue parean. Hainbat lekukoren arabera, eztanda handia entzun da, eta hiriko argindar konpainiak argitu duenez, telefono deia jaso dute leherketaren aurretik, gas usaina zegoela ohartaraziz.
Trenbidera erori diren hondakinak direla-eta, hurbileko tren zerbitzua eten dute.
Eraikinen beheko solairuetan hispaniar eliza bat eta pianoak saltzen zituzten denda bat zeuden. Gainean, etxebizitzen solairuak zeuden, baina oraindik ez dakite hutsik zeuden edo norbait bizi zen. Adriano Espaillat senatariak adierazi duenez, eraikinetako batek agintarien 60 bat salaketa zituen, hainbat arrazoi tarteko.