Mundua -

239 pertsona zihoazen

Hegazkina hainbat orduz izan zen airean radarretik desagertu ostean

Malaysia Airlines enpresako hegazkina Indonesian, Kazakhstanen edo Turkmenistanen egon litekeela uste dute. "Bilaketa fase berri batean da", esan du lehen ministroak.

"Informazio berri honen bidez hegazkina topatzea espero dugu", esan du lehen ministroak. EFE
"Informazio berri honen bidez hegazkina topatzea espero dugu", esan du lehen ministroak. EFE
Malaysiako hegazkina norabidea aldatu eta bost orduz hegan ibili zen

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Najib Razak Malaysiako lehen ministroak baieztatu duenez, Malaysia Airlines enpresako MH370 hegaldiko hegazkinak norabidea aldatu eta hainbat orduz mendebalderantz abiatu zen, aurreko martxoaren 8an desagertu ostean, 239 pertsona barruan zihoazela.

Najibek Kuala Lumpurren egindako prentsaurreko batean adierazi du norbaitek hegazkinaren komunikaziorako gailuak deskonektatu eta beste norabide bat hartu zuela;  Indonesian, Kazakhstanen edo Turkmenistanen egon litekeela uste dute orain.

Agintariak ez du bahiketaz hitz egin nahi izan, baina baliteke hala izatea, esandakoaren arabera.

Lehen ministroaren esanetan, eskuartean dituzten datu berrien arabera, MH370 hegaldiko hegazkinak larunbat horretako 08:14ak (00:15 GMT) arte seinaleren bat emititu zuen.

Hegazkina Kuala Lumpurretik abiatu zen, 00:41ean (ostiraleko 16:41 GMT) eta sei ordu geroago Beijinen lur hartu behar izan zuen, baina aire hartu eta 40 minutura radarretatik desagertu zen.

Boieing hegazkinak 7 ordu eta erdiz hegan egiteko erregai zuen, Malaysia Airlinesen arabera, eta 239 pertsona zihoazen barruan, 227 bidaiari (adin txikiko 7) eta 12 malaysiarrek osatutako tripulazioa.

"Bilaketa fase berri batean da. Informazio berri honen bidez hegazkina topatzea espero dugu", baieztatu du lehen ministroak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea