Mundua -

Ekialde Hurbila

Israelen eta Palestinaren arteko bake-prozesua, hilzorian

Israelek bertan behera utzi du presoak askatzeko plana, eta Palestinak baldintza gehiago jarri ditu negoziazioei ekiteko.

Mahmud Abas Palestinako presidentea eta John Kerry AEBko Estatu idazkaria, martxoaren 26an. EFE
Mahmud Abas Palestinako presidentea eta John Kerry AEBko Estatu idazkaria, martxoaren 26an. EFE
Mahmud Abas Palestinako presidentea eta John Kerry AEBko Estatu idazkaria, martxoaren 26an. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Israeldarren eta palestinarren arteko negoziazioak porrot egiteko zorian daude berriz ere. Izan ere, Israelek bertan behera utzi du hainbat preso palestinar askatzeko plana, eta Palestinako Aginte Nazionalak (PAN) baldintza gehiago ezarri ditu negoziazioei ekiteko. Testuinguru honetan, AEB bake-prozesutik urruntzen hasi dira.

Astea dramatikoa izan da diplomaziaren ikuspuntutik, eta John Kerry AEBko Estatu idazkariaren ahaleginak alferrikakoak izan dira.

Atzo, bake-prozesua hilzorian geratu zen. Aldeek bederatzi orduko bilera egin zuten asteazkenetik ostegunerako gauean, eta, horretan, presoak askatzeko plana eten egingo duela iragarri zion Israelek Palestinari, palestinarrek nazioarteko hainbat itunetan sartzeko NBEri egindako eskaerak erretiratu ezean.

Eskaera horiek asteartean sinatu zituen Mahmud Abas PANeko presidenteak, eta hurrengo egunean entregatu zizkion Robert Serry NBEk Ekialde Hurbilerako duen ordezkariari.

Duela bederatzi hilabete, bi aldeek apirilaren 29a arteko epea jarri zuten, bake-prozesuan aurrera egiteko. Epemuga gertu dagoenez, azken egunetan areagotu egin dituzte bilerak. Horregatik, atzoko bederatzi orduko bilera.

Israelgo hedabideen esanetan, Tzipi Livni ministro israeldarrak isunak ezartzeko mehatxu egin zien atzo palestinarrei, eta, ondorioz, Saeb Erekat ministro palestinarrak "nazioarteko foro guztietan" gerra krimenengatik salatuko dituztela erantzun zion.

Bilera horretan, gainera, Palestinak zortzi baldintza jarri zituen negoziazioak berriz abiatzeko, tartean 1.200 preso askatzea eta Gazako blokeoa amaitzea.

Israelgo Gobernuak ez du oraindik erantzun ofizialik eman, baina bi aldeek esfortzuak egin ezean, bere bitartekaritza lanak ez duela ezertarako balioko ohartarazi du Etxe Zuriak.

John Kerryk ez du baztertu elkarrizketekin jarraitu ahal izatea, baina bake-prozesua "egoera kritikoan" dagoela aitortu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea