Mundua -

Afganistan

Kazetari bat hil eta beste bat zauritu dute Afganistanen

Hildakoa Anja Niedringhaus argazkilari alemaniarra zen. Azken asteetan, eraso baten ondorioz hil den hirugarren kazetaria izan da.

 

Hauteskunde bortitzak Agfanistanen. Argazkia: EFE
Hauteskunde bortitzak Agfanistanen. Argazkia: EFE
Hauteskunde bortitzak Agfanistanen. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Anja Niedringhaus argazkilari alemaniarra tiroz hil dute eta horren lankidea, Kathy Gannon berriemaile kanadarra, egoera larrian dago Khost probintzian (Afganistan ekialdea) erasoa jasan ostean, iturri ofizialek EFE agentziari emandako informazioaren arabera. Bi profesionalek AP AEBko agentziarentzat egiten zuten lan.

Euren kotxetik irtendakoan jasan dute erasoa, Tania barrutian, polizia-etxe batetik gertu.

Poliziak erasoaren ustezko egile bat atxilotu du. Atxilotua Poliziaren esku dago.

Faizula Gairatek, probintzia horretako Poliziaren buruak, atentatua argitzeko ikerketa abiatuko dutela azpimarratu du.

Herrialde horretan dauden talde armatuek ez dute bere gain hartu ekintza hori.

Atzerritarren kontrako bortizkeria hazi egin da herrialdean presidentetzarako hauteskundeen bezperan. Larunbat honetan egingo dira, talibanen mehatxupean.

Erasoak kazetariei

Gaurkoa azken asteetan berriemaileen kontra izandako hirugarren eraso hilgarria izan da. Duela bi aste Sardar Ahmad kazetari afganiarra, AFP frantziar agentziaren lankidea, haren emaztea eta bi seme-alabak hil zituzten Kabul hiriburuko hotel batean egindako atentatuan.

Nils Horner kazetari suediarra martxoaren 11n hil zuten, Kabulen elkarrizketak egiten ari zela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kazetaritza albisteak