Mundua -
Hauteskundeak
% 60ko parte-hartzea Afganistango hauteskunde presidentzialetan
Duela bost urteko hauteskundeetan izan zena halako bi. Maiatza erdialdera arte ez dituzte behin betiko emaitzak jakinaraziko.
Erredakzioa
Afganistango presidentea aukeratzeko hauteskundeetan %60koa izan da parte-hartzea, Afganistango Hauteskunde Batzorde Independenteak emandako lehen datuen arabera; duela bost urteko hauteskundeetan izan zena halako bi ia (% 38,8).
Hauteskundeen lehen itzulia egin dute larunbat honetan. Inork bozen erdia baino gehiago lortzen ez badu, babes gehien jaso duten bi hautagaiak bigarren itzulira igaroko dira.
Boto zenbaketa ez da apirilaren 20ra arte amaituko, eta handik lau egunera argitaratuko dira lehen emaitzak. Dena dela, maiatza erdialdera arte ez dituzte behin betiko emaitzak emango. Bigarren itzulia beharko balitz, maiatzaren 28an izango litzateke.
07:00etan zabaldu dituzte (hemengo 04:30ean) 6.243 hauteslekuetako ateak, Hauteskunde Batzorde Independenteko iturri baten esanetan. 13 milioi afganiar inguru deituta zeuden bozketa hauetan.
Hamid Karzai izan da azken 12 urteetan Afganistango presidente, 2004ko eta 2009ko Presidentetzarako hauteskundeak irabazi eta gero. Hiru dira orain Karzai ordezkatzeko hautagai nagusiak: Abdullah Abdullah Afganistago Atzerri ministro ohia, Ashraf Ghani Ahmadzai Finantza ministro ohia eta Zulai Rassoul dira hautagai nagusiak.
Oraindik emaitzak aurreratzeko oso goiz bada ere, seguruenik bigarren itzulia egin beharko da maiatzaren hasieran, ez baitute espero inork botoen % 50 lortzea.
Lehen hauteskunde demokratikoak omen diren hauek Nazioartean hainbat zalantza eragin dituzte prozesuaren gardentasunaren inguruan; iaz ere, 20 milioi boto-orri baino gehiago prestatu dituzte, eta horrek iruzurra erraztu dezake.
Bonba hautesleku batean
Gutxienez lau pertsona zauritu dira hautesleku batean bonba batek eztanda eginda. Logar probintzian izan da leherketa, herrialdeko hego ekialdean.